Sindikatuek positibotzat jo dute Escrivaren pentsioen erreforma, baina ez patronalak

Escrivak sindikatuak eta enpresaburuak deitu ditu pentsioen erreformari amaiera emateko, Unidas Podemosekin ituna egin ostean. Astelehenean jarraituko dute negoziazioarekin

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa | Argazkia: Moncloa Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa | Argazkia: Moncloa

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa elkarrizketa sozialeko mahaiarekin bildu da ostiral honetan, pentsioen erreforman aurrera egiteko, Unidas Podemoseko gobernukideekin akordioa lortu ostean.

Pentsioen erreformaren helburua, haien iraunkortasuna bermatzea eta Europako Batzordearen eskakizunei erantzutea lirateke, ministroaren arabera. Erreforma berriak, jubilazioa zenbatekoa izango den neurtzeko baremoetan izango luke eragina. Izan ere, oraingo sistemak kotizatutako azken 25 urteak hartzen ditu kontuan, eta berria 29 urtekoa izango litzateke, bi urterik txarrenak baztertzeko aukerarekin. Bi zenbaketak mantendu egingo lirateke, eta langileak bata edo bestea aukeratu beharko luke, gehien komeni zaiona, bere ibilbide profesionalaren arabera. Gizarte Segurantzako ministroak Unidas Podemosekin adostutakoaren arabera, mekanismo misto hori hurrengo 20 urteetan mantenduko litzateke.

Hala, sindikatu nagusiek, CC.OOek eta UGTk, "positibotzat" jo dute akordioa, batez ere diru sarreren igoera, errenta altuen kotizazio handiagoarekin lortuko baita, baina letra txikia irakurtzea espero dute behin-betiko oniritzia eman ahal izateko.

Patronala, bere aldetik, erreformaren aurka agertu da, bereziki "kotizazioen igoera orokorraren aurka", "langile guztien soldatak murriztuko dituelako eta lan kostuak handituko dituelako, enpleguaren sorrera arriskuan jarriz", CEOE, ATA eta Cepyme enpresa erakundeek ohar bateratu batean adierazi dutenez.

Gobernua eta gizarte eragileak astelehenean bilduko dira berriro, negoziazioan aurrera egiten jarraitzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK