
Smurfit Kappa paketatze enpresa irlandarra eta WestRock sektore bereko talde estatubatuarra bat egiteko negoziaketetan dihardute bi etxeetako zuzendaritzak. Zehazki, bateratzerako baldintzak ikertzen ari dira, eta akordio batera ailegatuz gero, 34.000 milioi dolareko fakturazioa bilduko lukete, ia 32.000 milioi euro, hain zuzen.
Smurtfit Kappak argitaratutako oharraren arabera, Dublinen ezarri nahi dute konpainiaren egoitza nagusia, eta Amerika osoko jarduera garatzeko Atlantan zabalduko dituzte bulegoak. Era berean, etxe berriaren akzioen kotizazioa New Yorkeko burtsan negoziatuko lirateke.
Paketatze jasangarrien arloan mundu mailako liderra izatea ekarriko luke bateratze honek, bi konpainietako zuzendarien arabera, eta denera 100.000 langile izango lituzkete 42 herrialdeetan banatuta.
Euskal Herrian hainbat lantegi dituzte bi taldeek. Smurfit Kappa Nerviónek, esaterako, Iurretan du paper fabrika eta Nafarroan, Kordobilan, Zangozan eta Agoitzen ditu lantegiak. WestRock taldeak, berriz, Zamudion du lantegia.