Soldata arrakala handitu egin da Ibex 35ean: zuzendariaren eta langilearen arteko alde izugarria

Ibex 35eko kontseilari exekutibo batek langile batek baino 54 aldiz gehiago kobratzen du

Ibex 35eko kontseilari exekutibo batek langile batek baino 54 aldiz gehiago kobratzen du | Argazkia: iStock Ibex 35eko kontseilari exekutibo batek langile batek baino 54 aldiz gehiago kobratzen du | Argazkia: iStock

Ibex 35eko kontseilari exekutibo batek, batez beste, 1,6 milioi euroko ordainsaria jaso zuen 2022an. Hau da, batez beste langile batek baino 54 aldiz diru gehiago irabazi zuen, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) argitaratu duen kontseilarien ordainsarien urteko txostenaren arabera. Historian bigarren aldiz, enpresek datu horien berri eman behar diote Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari, eta ageriko utzi du soldata arrakala izugarri bat, oso geldo murrizten ari dena. Dena den, oraingoan, albiste on batekin datoz aurtengo datuak, emakumeen presentzia handiagoa baita zuzendaritza kontseiluetan.

Horrela, multiploa murriztu egin da 2021arekin alderatuta, urte horretan 60 aldiz gehiago kobratzen baitzuten. Ibex 35etik kanpo dauden enpresen kasuan, 17 aldiz gehiago irabazten dute kargu exekutiboek, 2021ean bezala. Burtsan kotizatzen duten enpresa guztiak kontuan hartuta, batez bestekoa 31 bider handiagoa izan zen kobratutakoa; 2021ean, berriz, 32 aldiz handiagoa. Era berean, kontseilari ez-exekutiboek, aparteko kontzeptuak kontuan hartu gabe, enpresetako enplegatuen hirukoitza kobratu zuten.

Kontseiluetako emakumeen ehunekoa 2004an guztizkoaren % 5,9 izatetik 2022an % 30 baino gehiago izatera igaro da

Sozietateek bigarren urtez konparaketak egin behar izan dituzte kontseilarien ordainsarien, finkatutako emaitzen eta langileen batez besteko ordainsarien artean. Erregulatzaileak hedabideei ohartarazi dienez, ratio horietan "sakabanatze handia dago hainbat sozietate, sektore edo konpainiaren tamainaren artean".

Emakumeen presentzia handiagoa

Emakumezko kontseilari exekutiboek gizonek baino % 0,3 ordainsari handiagoa jaso zuten, eta alde hori % 41,7raino igotzen da Ibexeko kontseilari exekutiboen batez besteko ordainsaria areagotzen den kasuetan, adierazle horretako gizonezko kontseilari exekutiboekin alderatuta. CNMVk adierazi duenez, ordea, "emakume zuzendari kopuru txikiak batez besteko horri ordezkagarritasuna kentzen dio". Kontseilari ez-exekutiboen kasuan, gizonen ordainsaria emakumeena baino % 20 handiagoa da.

Halaber, kontseiluetan emakumeen presentzia ehuneko 2,6 puntutan igo zen, burtsan kotizatutako enpresa guztietan % 31,9an kokatuz. Ibex 35ean bakarrik, emakumezko kontseilarien kopurua guztizkoaren % 37,6 izan zen. Gainera, goi zuzendaritzako postuetan zeuden emakumeak guztizkoaren % 21,7 izan ziren, 2,1 puntu gehiago.

Gobernu Onaren Kodearekin "pilak jartzen" hasi dira

2022ko ekitaldi hau kotizatutako sozietateen 2015eko Gobernu Onaren Kodea aplikatu den zortzigarren aldia izan da, eta bigarrena 2020ko ekainean, pandemia betean egindako berrikuspenen aldaketen ondoren.

Gobernu Onaren Kodearen jarraipen mailari dagokionez, gomendioen % 86,8 jarraitu ziren

Kodearen erreforma lau zutabetan ezarri zen: genero berdintasuna, informazio ez finantzarioak eta iraunkortasunak garrantzi handiagoa izatea, izen oneko arriskuei arreta handiagoa ematea eta kontseilarien ordainsariei buruzko argibideak ematea. CNMVk nabarmendu duenez, bere gomendioekin, kontseiluetako emakumeen ehunekoa 2004an guztizkoaren % 5,9 izatetik 2022an % 30 baino gehiago izatera igaro da.

Oro har, 2022an, Gobernu Onaren Kodearen jarraipen mailari dagokionez, gomendioen % 86,8 jarraitu ziren, eta beste % 7 partzialki jarraitu ziren. Kotizatutako enpresen % 51,2k ( % 47,9k 2021ean) gomendioen % 90 edo gehiago jarraitu zituzten; seik % 100 betetzen zutela ziurtatu zuten, eta beste bik % 60tik beherako jarraipena izan zuten.

Kapitalizazio handiko sozietateek izendapen batzorde bat eta ordainsari bereizien batzorde bat izateari buruzko jardunbide berriei buruzko gomedioak gutxiago jarraitu ziren, baita kontseilarien ordainsari aldakorra akzioak emateari lotuta egoteari buruzko gomendioa ere.

 

Hauek dira IBEX 35eko enpresak:

Acciona, Acerinox, Grupo ACS, Aena, Almirall, Amadeus, ArcelorMittal, Banco Sabadell, Banco Santander, Bankinter, BBVA, CaixaBank, Cellnex Telecom, Cie Automotive, Colonial, Enagás, Endesa, Ferrovial, Fluidra, Grifols, IAG, Iberdrola, Indra, Inditex, Mapfre, Meliá Hotels, Merlin Properties, Naturgy, Pharmamar, Red Eléctrica, Repsol, Siemens Gamesa, Solaria, Telefónica eta Viscofan

Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK