Soldata igoeraren akordioa bihar sinatuko dute CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek

Akordio horren arabera, hiru urtean soldatak %10 igo nahi dituzte: %4 aurten eta %3na 2024ean eta 2025ean

CEOEko presidentea eta CCOOeko eta UGTko idazkari nagusiak | Argazkia: Europa Press CEOEko presidentea eta CCOOeko eta UGTko idazkari nagusiak | Argazkia: Europa Press

2023tik 2025era, hiru urtean soldatak igotzeko akordioa bihar, asteazkena, sinatuko dute CEOE Espainiako patronalaren batzordeak eta UGT eta CCOO sindikatuek. Hala aurreratu du Antonimo Garamendi patronaleko presidenteak.

Ostiralean iritsi ziren hiruak aurreakordiora, eta atzo berretsi zuten ituna CEOEk eta UGT sindikatuak, biek ere onespena aho batez onartu ostean. CCOO sindikatuak gaur arratsaldean egingo du zuzendaritza bilera, baina jada aurreratu du ituna berretsiko dutela.

Adostutakoaren arabera, hiru urtean soldatak %10 igo nahi dituzte: %4 aurten eta %3na 2024ean eta 2025ean. 2026tik aurrera soldatak gutxienez %1 igotzeko bermea ere jasota du aurreakordioak, betiere prezioak aurreikusitakoa baino gehiago igotzen badira aplikatuko litzatekeena. Hau da, 2023ko abenduan urte arteko KPIa %4tik gora igoz gero, hurrengo urteko soldata igoera gehienez ere %1 handiagoa izango litzateke.

Garamendik aurreratu duenez, biharko sinaduran ez dira Espainiako Gobernuko ordezkariak egongo, enpresaburuen eta sindikatuen arteko aldebiko akordioa delako erdietsitakoa, exekutiboaren parte hartzerik gabea. Hala, testu hori patronalak eta sindikatuek adostua da, lan hitzarmen kolektiboak berritzeko eta negoziatzeko gomendioak ematen dituena. Aldeei gidalerro batzuk eskaintzen dizkie, baina ez da nahitaez bete beharrekoa. CEOEko presidentearen aburuz, “oso itun garrantzitsua” da, “bake soziala bermatzen” duelako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK