Melokotoi kilo bat 0,80 eurotan ordaintzen zaio egunotan ekoizleari Nafarroan. Kontsumitzaileak, aldiz, 4,40 euro inguru pagatzen du dendan. Bi prezio, produktu bera eta bien artean 3,60 euroko tartea. Tarte hori, ordea, ezin da lerro bakan batean adierazi. Merkatuaren goiti eta beheitiak, jasotako uzta kopurua, eguraldia, garraioa, biltegiratzea, hoztea, ontziratzea edota merkaturatzea daude gibelean. Eta, horiez gain, nekazariak bere gain hartu behar dituen ekoizpen-kostuak, noski.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
2006an hasi zen bidea
Prezioen joan-etorri horiek neurtzeko eta nekazaritzako produktuek jatorritik hondarreko salmenta punturaino egiten duten bideari segitzeko sortu zen Nafarroako nekazaritza prezioen behatokia. Álvaro Toyas Sánchez Nafarroako Gobernuko estatistika teknikariak EnpresaBIDEAri azaldu dionez, haren hastapenak 2006an dira. Urte hartan argitaratu ziren lehendabiziko aldiz Nafarroako aldizkari ofizialean 2005ean nekazariek jasotako prezioen indizeek izandako joan-etorriak.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuak bultzatu zuen egitasmoa, eta 2010ean Nafarroako Parlamentuak prezioen behatoki publikoa sortzeko eskatu zion Gobernuari. 2012an aurkeztu zen jendearen aitzinean. Ordutik, xedeak bere horretan segitu du: ekoizleei eta herritarrei prezioen bilakaera ezagutzeko tresna bat eskaintzea, jatorritik hondarreko salmenta punturaino.
Datuak merkatuetatik, ohiko dendetatik, supermerkatuetatik eta hipermerkatuetatik jasotzen dituzte batez ere, baita informatzaile eta kolaboratzaile sare baten bidez ere. Informazioak aukera luzatzen du prezioak denboran alderatzeko eta katearen bi muturren arteko bilakaerari so egiteko. Horixe da behatokiaren alderdirik interesgarrienetako bat. Izan ere, ez du soilik egun jakin bateko prezioa erakusten, baizik eta aukera ematen du prezio horrek nondik jo duen eta zer norabide hartu duen ikusteko. Horrela, unean uneko goiti eta beheitiak ez dira datu solte gisa gelditzen, baizik eta aitzineko aste eta hilabeteetako joerarekin alderatzen ahal dira.
Orain arteko datuen irakurketaren arabera, ekoizleak jasotzen duen prezioa beheititu da kontsumitzaileek ordaintzen dutenarekin alderatuz
Jaitsiera handiagoa jatorrian
Adibide gisa, aurtengo melokotoiaren kanpaina aztertzen ahal dugu. 2025eko uztailean, melokotoi hori eta gorriaren batez bertzeko prezioa 1,43 eurokoa zen jatorrian, eta agorrilean 1,23 eurokoa. 2026an, berriz, 0,80 euro inguruan mantendu da uztailean eta agorrileko lehendabiziko asteetan.
Saltokian, ordea, beherakada txikiagoa izan da: 2025eko uztailean 4,67 eurokoa zen batez bertzeko prezioa; aurten, 4,52 eurokoa. Agorrilean 4,40 euro inguruan dabil. Toyasek dio oraindik goiz dela kanpainaren balorazio osoa egiteko, baina orain arteko datuen irakurketaren arabera, ekoizleak jasotzen duen prezioa beheititu da kontsumitzaileek ordaintzen dutenarekin alderatuz.
Horren arrazoien artean, uzta handiagoa, Europako lehia eta eguraldia aipatzen dizkigu. Frantziako eta Italiako bilketa-egutegiak batera heldu dira, eta produktu haboro pilatu da merkatuetan. Tenperatura altuek, gainera, hainbat barietateren heltzea batera ekarri dute, eta fruta aunitz denbora gutian merkaturatu behar izan da.
Garraioak, ontziratzeak, hozteak, biltegiratzeak eta merkataritza-marjinek azken prezioaren %60 eta %70 artean osa dezakete, Toyasen arabera
Estatistika teknikariaren arabera, eskaintza da epe laburrean prezioari zuzenean gehien eragiten dion faktorea. Harriak edo izozteak uzta murrizten badute, prezioek gora egin dezakete; beroak, aldiz, heltzea pilatu eta eskaintza handitzen badu, beherantz. Eskariak ere badu zer errana uda bero batek fruta kontsumoa emendatu dezakeelako, eta uda hotz eta euritsu batek, aldiz, apaldu.
Eguraldiak, beraz, bi gisatan eragiten du merkatuan, alde batetik, uztaren kantitatean eta erritmoan; bertzetik, kontsumitzaileen eskariaren gainean. Horregatik, prezioen bilakaera ez da beti erraz aitzin ikusten ahal.
Jatorriko eta azken prezioaren arteko aldean, banaketak eta merkaturatzeak pisu handia dute. Garraioak, ontziratzeak, hozteak, biltegiratzeak eta merkataritza-marjinek azken prezioaren %60 eta %70 artean osa dezakete, Toyasen arabera.
Horregatik, jatorriko prezioa jaisten denean, beherakada ez da neurri berean iristen dendara. Tarteko gastu horietako aunitz ez dira merkatuko prezioarekin batera mugitzen: kamioiak erregaia behar du, biltegiak energia, eta hotz-katea mantendu behar da produktua behar bezala kontserbatzeko. Horren ondorioz, ekoizlearen prezioak behera eginda ere, hondarreko salmenta prezioak ez du zertan erritmo bera izan.
Errentagarritasunaren muga
Nekazariari dagozkion kontuetan, berriz, ura, energia, eskulana eta ongarriak dira neurgailu. Kostu horiek gutxieneko salmenta prezio bat markatzen dute, eta hortik beheiti uzta biltzea bera ere, ez da errentagarria.
Toyasek aitortzen du aurtengo kanpainan badirela kostuak estaltzeko zailtasunak izan ditzaketen ekoizleak. Horri gehitu behar zaizkio azken urteetako kostu-igoerak eta merkatuaren ziurgabetasuna, nekazariaren marjina are gehiago estutu dezaketenak.
Toyasek aitortzen du aurtengo kanpainan badirela kostuak estaltzeko zailtasunak izan ditzaketen ekoizleak
Horixe erakusten dute behatokiaren datuek: prezioaren bilakaera ez dela soilik merkatuaren kontua, baizik eta ekoizpenaren, klimaren, kostuen eta banaketaren arteko oreka. Eta oreka hori hautsi egiten denean, kolpea ez dute kateko eragile guztiek neurri berean jasotzen.
Prezioen jarraipena egitea ez da, hortaz, estatistika ariketa hutsa. Sektorearen egoera ekonomikoa neurtzeko modu bat ere bada, eta, batez ere, ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean gertatzen dena argiago ikusteko tresna.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta