• EKONOMIA
  • Sprik Euskadi 2030 Industria Planeko proiektu eraldatzaileak aurkeztu ditu

Sprik Euskadi 2030 Industria Planeko proiektu eraldatzaileak aurkeztu ditu

Lankidetza publiko-pribatua sendotu eta inbertsio handiko proiektu bidez industria-berrikuntza bultzatzea da helburua

Jon Ansoleaga | Argazkia: SPRI
Jon Ansoleaga | Argazkia: SPRI
2025eko azaroaren 14a - 14:59

Spri Taldeko zuzendari nagusi Jon Ansoleagak Euskadi 2030 Industria Planaren barruan garatuko diren ‘Proiektu eraldatzaileak’ aurkeztu ditu. Bere esanetan, tresna horiek EAEren “eraldaketa industrial berria bultzatzeko” sortu dira, inbertsio publiko eta pribatuaren arteko elkarlanari esker enplegu kualifikatua eta gaitasun teknologiko handiagoa sustatzeko.

 

Ereduak elkarlan estua eskatzen du administrazioen, enpresen, klusterren eta zentro teknologikoen artean. Helburua da industria-erronka berriei erantzun jasangarri eta berritzaileak ematea, balio-katean inpaktu handia sortuko duten proiektuak garatuz.

Proiektu eraldatzaileek Industria Planaren aplikazio praktikorako bide nagusi gisa jokatzen dute, eta baldintza argiak bete behar dituzte: teknologia-eduki handia, balio-katean eragin nabarmena eta lankidetza-gobernantza sendotua. Hautagarritasun-irizpideek, gainera, sektore estrategikoekin lerrokatzea, gutxienez 20 milioi euroko inbertsio pribatua eta balio-kateko eragileen parte-hartze aktiboa eskatzen dute.

 

Proposamenak Spriren webguneko atal espezifikoaren bidez kudeatuko dira, eta, aurretiazko ebaluazio baten ondoren, Batzorde Estrategikora bideratuko dira. Proiektu hautatuek izaera eraldatzailearen berrespena jasoko dute, betiere lehendik dauden programa publikoak ordezkatu gabe, baizik eta haien osagarri gisa.

Gobernantza-egitura hiru eragileren inguruan antolatzen da: Industriaren Euskal Kontseilua, Planaren norabide estrategikoa markatzen duena; Batzorde Estrategikoa, proiektuak hautatu eta lehenesten dituena; eta Spriren Bulego Teknikoa, proposamen berrien ebaluazioaz eta jarraipenaz arduratzen dena.