• EKONOMIA
  • Sprilurrek 48 lizitazio eta 88 milioi euroko aurrekontua kudeatu du 2025ean; inoiz baino gehiago

Sprilurrek 48 lizitazio eta 88 milioi euroko aurrekontua kudeatu du 2025ean; inoiz baino gehiago

Orotara, 58 enpresa-gunetan, 742 konpainiari eragiten dien lurzoruak sustatu eta leheneratu ditu Jaurlaritzaren sozietate publikoak.

Eskuzaitzetan urbanizazio, elektrifikazio, obra zuzendaritza eta kalitate-lanak lizitatu ditu Sprilurrek, ia 13 milioi euroko aurrekontuarekin | Argazkia: Spri
Eskuzaitzetan urbanizazio, elektrifikazio, obra zuzendaritza eta kalitate-lanak lizitatu ditu Sprilurrek, ia 13 milioi euroko aurrekontuarekin | Argazkia: Spri
2026eko otsailaren 12a - 11:01

Sprilurrek jakinarazi du inoiz baino jarduera handiagoa izan duela 2025ean. 48 lizitazio kudeatu ditu Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak eta guztira 88 milioi eurotik gorako aurrekontua ekarri du kudeaketa horrek.

 

48 lizitazioetatik 26 2025ean abiarazitakoak dira: 16 zerbitzuetakoak eta 10 obratakoak. Gainerako 22 lizitazioak, halaber, 2024an esleitutakoak dira.

Industria lurzorua sustatzeaz eta leheneratzeaz arduratzen den sozietateak Eskuzaitzetan (Donostia), urbanizazio, elektrifikazio, obra zuzendaritza eta kalitate-lanak lizitatu ditu ia 13 milioi euroko aurrekontuarekin. Santurtzin, Etxe Uli zabortegi zaharra berroneratzeko jarduketaren barruan aurreikusten den Molino errekaren desbideraketa lanak egin eta obra zuzendaritzaren lizitazioa kudeatu du ia 14 milioi euroko aurrekontuarekin.

 

Halaber, Burtzeñan (Barakaldo) Maser konpainiaren UERT lurzati zaharra berroneratu eta obra horiek egiteko zuzendaritza kontratatu du. Plaiabarrin, Erandion, Asua ibaiaren eskuinaldea urbanizatzeari buruzko lehiaketa kudeatu du, eta Mungian Prado (Mungia) lurzoruaren kalitate-adierazpena lortzeko indusketa-plana gauzatzeko obrak eta dagokion obra-zuzendaritza eta ingurumen kontrola egiteko lizitazioa.

Besteak beste, Zumarragan (Arcelorren pabiloi zaharretan), Pasaian (La Herrera), Zumaian (Oikiako industrialdea) edota Lemoizen (zentral zaharraren inguruan dikea konpontzeko lanak) ere kudeatu ditu Sprilurrek.

Orotara, 58 enpresa-gunetan, 742 konpainiari eragiten dien lurzoruak sustatu eta leheneratu ditu Jaurlaritzaren sozietate publikoak. Hala, Sprilurren zuzendari nagusi Txaber Ourok iazko urteko jardunaren balorazio oso positiboa egin du, eta nabarmendu du 2025ean egindako eta abiarazitako proiektu guztiak legealdi honetarako ezarritako erronkei erantzuteko aurrerapauso handia izan direla.