
Nafarroako CEIN zentroak Startup Leaders ekintza antolatu du, apirilaren eta urriaren artean egiten ari dena. Asmo nagusia enpresetan lidergo-ahalmena eta kudeaketari buruz irakastea da, topaketen eta ikastaroen bidez. Parte-hartzaileen artean Vors Control enpresa dago, kontrol aurreratuko ingeniaritza aplikatzen duena, sistema eta prozesu industrialak optimizatzeko. Haren zuzendari eta sortzaileak, Idoia Lizarraga Zubeldia iruindarrak, 2022an sortu zuen konpainia, lehenago hiru urtez burutu zuen ikerketa-batean oinarrituta, beste bi kiderekin batere. Lehenengoa “kontrol ingeniaritzan aditua da”; bigarrena, aldiz, “industria-giroan murgiltzen da hobe”, dio.
Vors “sistema industrialen modelatze eta kontrolean” espezializatutako start-upa da. Horretarako “biki digitalak deitutako simulagailuak” erabiltzen ditu, “prozesu industrialak gobernatzeko eta estrukturalki kontrolatzeko, energia berriztagarrietan, fabrikazioan, soldaduran, beiran edota arrabolan”.
Beste parte-hartzaile bat CIMA Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroa da. Haren Genomics Unit proiektuaren arduraduna Francesco Marchese da, Italiako Puglia eskualdean jaioa. Han “abangoardiako teknologien bidez genomen eta RNA azido erribonukleikoaren sekuentziazioan datzan zerbitzu teknikoa” garatzen du.
3pbiovian enpresako Fernando Hernandez Sanchez ere parte-hartzaileen artean da. Biologia-ingeniari mexikar honek hogei urteko ibilbidea egin du bioteknologiaren esparruan, “proteina birkonbinatzaileak fabrikatzen”, eta, sei urtez Irlandan ibili ostean, (ingelesa hobetzeko eta kalitate-auditoretza batean kontsultari gisa jarduten), hiru urte daramatza Iruñean. Konpainiak, ingeniariaren hitzetan, “haren instalazioak eskaintzen ditu beste entitate batzuek proteina birkonbinatzaileak garatu ditzaten”.
Enpresentzat trebetasun berriak eskuratzeko aukera
Marcheseri, Startup Leaders ekitaldia, orain arte, “asko” gustatu zaio, eta bertako jarduerek “irailean jarraitzeko gogoa” eman diote, udan egindako geldialdia eta gero. Izan ere, bera bezalako ekintzaileak “normalean oso formatuta daude alderdi zientifiko eta teknikoan, baina ez hainbeste beste alor batzuetan”.
Hain zuzen ere, CEINek eskainitako topaketak gai horietan formakuntza eskaintzen die: “Finantzak, kontu juridikoak, pertsonen zuzendaritza eta talentua erakartzea eta atxikitzea bezalako trebeziak irakasten dizkigute”, esan du Marchesek.
Vors Controlen kasuan, CEINekiko harremana Startup Leaders-en hasiera bera baino lehenagokoa da. Lizarragaren esanetan, erakundeak enpresari “ekintzailetzarako bultzada eta formakuntza” eman die. Enpresak “online galdetegi baten, curriculum baten eta hobekuntzarako deskribapenen bidez” hartu du parte. Saioak “ostegunero egiten dira, bakoitza hiru ordu eta erdi dirau eta hainbat hilabetetan zehar gauzatzen dira”, zehaztu du Lizarragak.
Francesco Marchese (CIMA): “Finantzak, kontu juridikoak, pertsonen zuzendaritza eta talentua erakartzea eta atxikitzea bezalako trebeziak irakasten dizkigute”
Marcheseren antzera, Lizarragak hain garatuta ez duten ezagupenen ikasketa azpimarratu du; esaterako, “giza-baliabideak eta talentuaren erakarpena eta atxikipena”. Horretarako, haien antzeko profileko enpresek “haien testigantza eta ponentziak eskaintzea” bereziki baliagarria izan dela dio.
3PBiovian eta CEINen arteko harremana ere estua da. Izan ere, Hernandezek azaldu duen bezala, enpresa hau CEINen proiektu gisa hasi zen 3P ekimenetik dator, Noainen (Nafarroa) sortu zena. Ondoren, Finlandiako Turku hiriko Biovian Oy enpresarekin batu zen 3PBiovian eratzeko.
Ezagutza berriak bizitza errealean aplikatzea
Marchesek Startup Leadersen ikasitakoa bere proiektuan erabili ahal izango duela ziurtatu du; hain zuzen, “hainbat legedi ulertzea eta haien abantaila eta desabantailen ebaluazioa”.
Bestalde, Hernandez bakarrik eta interes pertsonalagatik etorri da topaketara. Bere helburuen artean, “informazioa eta formakuntza eskuratzea, jendea eta profesionalak ezagutzea eta ekintzailetza-kurtsoetan parte-hartzea” ditu. Marchesek eta Lizarragak bezala, hezkuntza arautuan askotan alde batera uzten diren trebeziak eskuratu ditu: “Besteak beste, pizgarriak kudeatzeko eta langileak kontratatzeko estrategiak ikasi ditut modulu espezializatuen bidez”.
Bere lanerako, “lankideak kontratatzeko, motibatzeko, atxikitzeko eta enpresa-giroan berritzeko eta ekiteko abileziak praktikan jartzeko” bere burua gai ikusten duela ondorioztatu du ingeniariak.