Etzi, martxoaren 13a, Errenteriako Agustinak zentroa Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatzen duen Enpatikonomiaren 6. jardunaldiaren etxea izango da. Aurtengo edizioan lan eta enpresa munduan euskarari lekua ematearen beharra jorratuko dute. 09:00tan hasi eta 14:00etan amaituko den ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, eredutzat hartu beharreko enpresek, migrazio prozesua egin eta euskalduntzea erabaki duten pertsonek eta testuinguru sozioekonomikoa azalduko duten adituek.
Baina, esan bezala, aurtengoa seigarren edizioa da; Enpatikonomiak, jaio zenetik gaur egunera arte, bide luzea zeharkatu du. Lan munduak alboan uzten dituen pertsonak eta euskara bera oinarri hartuta, edizio bakoitzean eragileek eskatzen zutena eta momentu bakoitzean pil-pilean zegoena jorratu izan dute. Hori guztia azaldu dute Joxe Luix Agirretxe Oarsoaldea Garapen Agentziako euskara arduradunak eta Mikel Urdangarin Ahize-AEKko hizkuntza aholkulariak.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zer da Enpatikonomia eta zein hebururekin jaio zen?
Joxe Luix Agirretxe (J.L.A.): Oarsoaldea Garapen Agentzian lan munduan euskararen erabilera sustatzeko nahitik abiatzen gara. Gauza da enpresek badutela gizarte erantzukizun bat, eta horren barruan hainbat hobi daude. Gure ustez, euskarak eta euskal kulturak hobietako bat izan beharko lukete, ingurumena, langileen ongizatea edo genero berdintasuna diren bezala. Zentzu horretan, 2017an enpresetan kontzientzia falta zegoela antzematen hasi ginen, aurretik pedagogia lan handia egin behar zela, enpresaburuak, enpresa elkarteak, sindikatuak edota langileak, hau da, lan munduko eragileak sentsibilizatu behar zirela. Orduan, helburu horrekin, lehen jardunaldia antolatu genuen, oraindik Enpatikonomia ez zena.
Lehen jardunaldira ekarri genuen adituetako bat izan zen Kataluniako Josep Maria Canyelles. Hark argi eta garbi azaldu zuen Kataluniako eredua. Zortzi hobi zeuden adostuta erantzukizun sozialaren barruan, eta horietako bat katalana eta Kataluniako kultura zen. Eragile guztiek adostu eta aplikatzen zuten. Euskal Herrian hori egitea beharrezkoa zela nabarmendu zuen, eta botere handiagoko erakundeek egiten ez zutenez, gurea bezalako garapen agentzia batek edo antzeko erakundeek abiatzea funtsezkoa zela adierazi zuen.
Ondorengo edizioan gaiari beste buelta bat ematen saiatu ginen; izan ere, gizarte erantzukizunaren barruan, badago langileak zaintzearen behar hori, kanpotik datozen pertsonak eta talentua baliatu eta zaintzeko bide hori. Beraz, alboratuta dauden pertsonak lan munduan txertatzeko ardura aztertzea erabaki genuen, eta hortik dator Enpatikonomia terminoa. Ekonomia enpatikoa, langileak zainduko dituen ekonomia. Bigarren jardunaldi horretatik gaur egunera arte hori lantzen ari gara. Orotariko gaiak daude horren barruan, baina beti kontuan hartzen dugu orokorrean sistema honek alboetan uzten duen jendea.
Joxe Luix Agirretxe (Oarsoaldea Garapen Agentzia): “Euskarak eta euskal kulturak gizarte erantzukizuneko hobietako bat izan beharko lukete”
Aurtengo jardunaldian zer jorratuko da?
Mikel Urdangarin (M.U.): Azken urteetan euskalgintza bidegurutzean dago: aurrerapausoak eman behar dira, eta zentzuzkoena arlo sozioekonomikoan eragitea da. Eskoletan euskaraz ikasi dugunok edo ikasketak euskaraz burutu ditugunok enpresetan euskaraz lan egiteko aukera izateaz ari gara. Gai horri heldu nahian, hausnartzen hasi ginen eta konturatu ginen enpresetan gauzak ezin genituela sinpleki aztertu. Enpresa batean aurkitu zaitezke jende gaztearekin, enpresan berriak direnak eta ikasketak euskaraz burutu dituztenak; adineko jendea ere egon daiteke euskalduna dena baina gaztelaniaz lan egitera ohituta dagoena; eta kanpotik etorritako jendea ere badago, besteak beste. Gainera, aurreikusten da, edo hala esan digute, datozen urteetan kanpotik jende asko etorriko dela. Orduan, hasi ginen pentsatzen interesgarria izan zitekeela horren inguruko jardunaldi bat egitea, gai horren zailtasuna testuinguruan jarriko duena.
Gauza da euskararen erabilera zeharkakoa dela; beste arlo batzuekin batera dator, hala nola, egun osoko lanaldiak edukitzea edo, emakumeen kasuan, ama izatea. Kasu horietan, euskara ikasteak ahalegin bat eskatzen du. Hala ere, gauzak ondo landuz gero, jabetzen ari gara posible dela guztia egitea. Adibidez, Donostian, Arrats Elkarteak sustatutako haurtzaindegi bat identifikatu dugu. Bertan, boluntarioek egiten dute lan, etorkinak diren emakumeen umeak zaintzen eta horiekin euskaraz ere hitz egiten.
J.L.A.: Talentuarekin ere oso lotuta dago aurtengoa. Aurreko edizioan ere landu genuen gaia nahiko sakon, baina aurtengoak talentua atxikitzearekin ere badu lotura. Nik ideia bat botako dut; ez da ideia biribila eta ez da beti betetzen, baina askotan iruditzen zaigu etorri berriek, oro har, euskara ikasteko jarrera irekia izaten dutela. Askok gaztelania ikasia ekartzen dute edo hemen erraz ikasten dute. Aldiz, euskara ikasteak lotura bereziagoa sortzen du hemen, Euskal Herriarekin; eta, horregatik, iruditzen zaigu euskara ikasteak talentu hori hemen errotu edo atxikitzeko aukerak handitu ditzakeela.
Mikel Urdangarin (Ahize-AEK): “Ama diren emakumeen edo egun osoko lanaldia duten pertsonen kasuan euskara ikasteak ahalegin bat suposatzen du. Baina gauzak ondo landuz gero posible da guztia egitea”
Zergatik da garrantzitsua aurtengo fokua?
J.L.A.: Aditu guztiek begien bistan erronka bat dugula esaten digute, hainbat langile etorriko zaizkigula. Uholde horri hainbat aldetatik erantzun behar dio Euskal Herriak, sozialki, politikoki eta linguistikoki.
M.U.: Nire ustez sozialki haustura bat dago. Gaur egun Euskal Herrian lan egiten dugun pertsona gehienok ezin gara gure enpresarekin euskaraz harremandu. Iruditzen zaigu horrek oinarrizkoa izan beharko lukeela, kanpotik datozenak datozela ere. Badaude gauza batzuk gaur egun bidegabekeria direnak; langile batek oporrak hartu nahi izatea eta euskaraz egiterik ez izatea, edo giza baliabideetako langileak euskaldunak diren ez jakitea. Hor badago hutsune bat, urteetan zehar gizartea euskalduntzeko egin den ahalegin hori xurgatu eta desagertarazi egiten duena.
J.L.A.: Bestalde, gure ustez Euskal Herrian XXI. mendeko enpresa aurreratua euskaraz ere funtzionatzen duena da, edo euskarari bere lekua aitortzen diona. Zu enpresa batera iristen zarenean eta hizkuntzak egoki kudeatuta daudela ikusten duzunean, badakizu hor lan bat egin dela, eta enpresa hori aurreratua dela. Orduan ideia hori ere transmititu nahi diegu konpainiei. Hau da, gaur egungo Euskal Herrian enpresa aurreratua izateko euskara kontuan izan behar dutela bai ala bai.
Joxe Luix Agirretxe (Oarsoaldea Garapen Agentzia): “Euskal Herrian, XXI. mendeko enpresa aurreratua euskaraz ere funtzionatzen duena da, edo euskarari bere lekua aitortzen diona”
Nori dago zuzendua?
M.U.: Eragile guztiei. Enpresei, jakina, hauek aktibatu behar direla uste dugulako, eta beste enpresen adibideak ikustera etortzea nahi genukeelako. Baina eragin dezaketen beste eragile guztiei ere badago zuzenduta: aholkularitzak, garapen agentziak, lan teknikariak, besteak beste. Gaiarekiko interesa duen edonor ere etor daiteke, noski.
Joatekoa den jendeak zer aurkituko du bertan?
M.U.: Gure asmoa da, batetik, gaia testuinguruan jartzea. Horretarako lau hizlari aukeratu ditugu. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu izandakoak eta Elena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatu ohiak ikuspegi sozioekonomikoa jorratuko dute. Beste biak Ikuspegi behatokiko aditua den Arkaitz Fullaondo eta Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga dira; horiek migrazio-fluxuen eta integrazio sozialaren aldagaien nondik norakoak azalduko dituzte, hurrenez hurren.
Bestetik, iruditzen zitzaigun oso garrantzitsua zela euskaldundu den jendearen iritzia entzutea, eta horregatik gonbidatu ditugu Eika kooperatibako presidente Iñigo Arrieta, Mamadou Sarr (Senegaletik etorri eta Oarsoaldean bizi den bizilaguna, zeina kalean euskaldundu den hautu hori egin zuelako), eta Yasmin Khris Maansri (Nafarroan bizi den marseillarra). Arbasoak musika taldea ere gonbidatu dugu. Hernanin bizi diren bi argentinar dira, eta horiek ere euskaldundu egin dira; are gehiago, horietako bat Argentinan bertan euskaldundu zen. Orduan, iruditzen zaigu haien bizipenak entzuten hastea garrantzitsua dela.
Finlandiatik eredu bat ekartzea ere ideia ona zela pentsatu genuen, han hiru hizkuntza ofizial daudelako eta horrekiko nola jokatzen duten ikusi nahi genuelako. Azken finean, konturatu gara badugula zer ikasi Kanada, Australia, Danimarka edo Finlandia bezalako herrialdeetako ereduez. Adibidez, Danimarkan 300 euroko fidantza ordaintzen dute azterketara aurkezteko, hau da, azterketa egiten duten heinean fidantza hori bueltan jasotzen dute. Ez dute matrikula ordaindu behar eta ez dago beka sistemarik; sinpletuta dago prozesua.
Azkenik, gure lurraldeko praktika onak ditugu. Alde batetik, eredu diren enpresak: Danobat, Cikautxo eta Biele, hain zuzen ere. Horiekin mahai-inguru bat dago prestatuta. Eta, beste aldetik, konturatu gara gaia langilea enpresan dagoenean jorratu ez ezik, enpresetara edota herrialdera iritsi aurretik ere landu daitekeela. Horren harira, bigarren mahai-inguru bat antolatu dugu. Beterri-Buruntza eskualdean hainbat proiektu antzeman ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Horiek Lanbideko ikastaroei euskara ikasteko modulua gehitu diote, baita Lanbide Heziketako ikasleentzat ere, laneratzerakoan edo laneratu aurretik egin ditzaketenak. Horrelako ereduak azaltzeaz arduratuko dira bigarren mahai-inguru horretan Leyre Jauregi Gonzalez (Batzen Zabalduz), Irati Mañeru Igoa (Erroak) eta Maite Villasante Gomez (AEK).
Mikel Urdangarin (Ahize-AEK): “Badugu zer ikasi Kanada, Australia, Danimarka edo Finlandia bezalako herrialdeetako ereduez”
Zuetako bakoitzak (Oarsoaldeako Garapen Agentziak eta Ahize-AEKk) zein paper bete du antolakuntzan?
J.L.A.: Oarsoaldeako Garapen Agentziaren lau sailek parte hartzen dute: euskara departamentua, enpresa eta lurralde garapenerako departamentua, enplegu departamentua eta komunikazio saila. Hala ere, eragile gehiago daude eta antolaketa batzorde bat eratuta dago Horren parte dira Indeus —industraren euskal plataforma—, Bai Euskarari Elkartea, Ahize-AEK eta Iametza interaktiboa. EITB taldeak ere jardunaldiaren hedapenean lagunduko digu.
Horrela, edizio guztietan egin bezala, aurreko ekainean hasi ginen prestaketa lanekin, zazpigarren hilabetera goaz, eta lan luzea dago jardunaldi bakoitzaren atzean. Nik azpimarratuko nuke pasa den ediziora arte euskara departamentuak hartzen zuela antolaketaren ardura; baina estrategikoa zela ikusi genuen, euskaraz harago zihoala. Enpresentzako interesgarriak diren gaiak euskaraz lantzea garrantzitsua da, eta hori ez da soilik euskara departamentuaren zeregina, garapen agentzia osoarena baizik.
Etorkizunari begira zein ideia duzue?
M.U.: Oraindik ez dugu pentsatu, oraingo edizioan gabiltzalako buru-belarri. Baina, aurrekoetan egindako berbera egingo dugu; hau da, eragileek esateko dutena entzun eta momentu horretan pil-pilean dagoena identifikatu. Orain dela urte batzuk energiaren gaia izan zen bezala, azkenekoetan talentuaren eta pertsonen gaiak hartu du lehen lerroa. Ikusiko dugu bi urte barru zein izan daitekeen gaia.
Zer egin behar du jendeak joan ahal izateko?
J.L.A.: Izena eman. Doakoa da; oarsoarrak.eus edo enpatikonomia.oarsoaldea.eus webguneen bitartez izen emateko orrira joan eta bertan izena eman behar da.
M.U.: Bestela, etortzerik ez duenak, jardunaldi osoa zuzenean jarraitzeko aukera izango du EITBren plataforman eta Youtubeko kanalean, baita oarsoarrak.eus webgunean ere.