• EKONOMIA
  • Trantsizio digital, energetiko eta demografikoa planifikatzeko deia egin du EGABek

Trantsizio digital, energetiko eta demografikoa planifikatzeko deia egin du EGABek

EAEko ekonomia hazi bada ere, "zaurgarritasun elementuak" ikusten ditu Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak

Jon Barrutia (EHU) eta Javier Muñecas (EGAB) | Argazkia: EGAB
Jon Barrutia (EHU) eta Javier Muñecas (EGAB) | Argazkia: EGAB
2026ko uztailaren 9a - 12:03
Eg. 2026ko uztailaren 9a - 14:38

EGAB Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak 2025eko memoria sozioekonomikoaren txostena aurkeztu du gaur Bilbon. Erakundeak adierazi du EAEren %2,3ko hazkunde ekonomikoa aintzat harturik, datuak “positiboak” direla, nahiz eta “ziurgabetasun geopolitikoak eta lan merkatuko erronka iraunkorrek eragindako tentsioa” agerikoa den.

 

Javier Muñecas Herreras EGABeko presidenteak eta Jon Barrutia Güenaga EHUko Finantza Ekonomiako katedradun eta txostenaren egileak eskaini dute prentsaurrekoa, eta besteak beste, trantsizio digitalak, energetikoak eta demografikoak planifikatzearen garrantzia azpimarratu dute, “politika integralekin eta denboran ondo dimentsionatuta, inor atzean edo kanpoan ez uzteko”.

EAEko ekonomia hazi bada ere, EGABek “zaurgarritasun elementuak” ikusten ditu, jarduera ekonomikoa batik bat barne eskarian eta inbertsioan oinarritu delako. Kontsumo eta inbertsio adierazleek hazkundea bizkortu dute, baina industria-produkzioaren indizearen (-0,9 puntu) eta esportazioen (-0,5 puntu) beherakada nabarmendu dute.

 

EGAB Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren erakunde aholku-emailea da. Batzordeak, halaber, berretsi egin du etxebizitza dela herritarren kezka nagusia. Bere esanetan, “egiturazko erronka da prezioen igoeraren testuinguruan, eta horregatik dira garrantzitsuak etxebizitza-politikak, Hirigintza eta Etxebizitza foroa eta eremu tentsionatuak sartzea". Gauzak horrela, etxebizitza eta apartamentu turistikoak ikuskatzeko mekanismoak eta etxebizitza babestuak esleitzeko prozesuak hobetzeko beharra mahaigaineratu du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain