• EKONOMIA
  • Tasa turistikoa 2027an sartuko da indarrean EAEn

Tasa turistikoa 2027an sartuko da indarrean EAEn

0,5 eta 7,5 euro bitartekoa izango da tasa hori, ostatu motaren araberakoa

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko martxoaren 18a - 10:06

Tasa turistikoa 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Foru arauen aurreproiektuari eginiko alegazioak aztertu eta moldaketak egin ondoren, aurrera egitea adostu dute hiru ogasunek, baita neurria modu bateratuan aplikatzea ere.

 

"Turismoaren eraginari aurre egiteko eta tokian tokiko zerbitzu publikoak finantzatzen laguntzeko" tresna izan nahi du tasa berriak, dagoeneko beste toki batzuetan aplikatzen dena. Oro har, pertsona eta gau bakoitzeko 0,5 eta 7,5 arteko tasa ezarriko da. Tasa bat edo beste aplikatu, kategoriaren eta edukiaren araberakoa ez ezik, ostatu motaren araberakoa ere izango da. Azken hori da aurreproiektuan gehitutako berritasun nagusienetako bat. Landetxeetan aplikatuko da tasari baxuena, 0,5 eta 1,25 euro artekoa pertsona eta gau bakoitzeko. Altuena, berriz, luxuzko hotelek eta gurutzaontziek izango dute, 2,5 eta 5 euro artekoak. 

Arestian aipatutakoez gain, tasa turistikoa aplikatuko zaie era guztietako hotelei, pentsioei, apartamentu turistikoei, kanpinei, aterpetxeei eta erabilera turistikoko gelei. Hala ere, ordaintzetik salbuetsita izango dira, kasu guztietan, 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbak.

 

Kobratzeko ardura ostatuena izango da, eta egonaldien berri eman beharko diete udalei. Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko onartu du foru arauaren proiektua, Arabakoak martxoaren amaieran egingo du, eta Bizkaikoak apirilean.