Taxilariak kezkatuta dira VTC lizentzia duten ibilgailuen zerbitzuen gorakada dela eta. Uber eta Cabify bezalako zerbitzuek “gehiegikeriak” egiten dituztela salatu dute, eta taxiei bezala, zerbitzu mota hauetako ibilgailuei ere ikuskapenak egitea eskatzen dute. Era berean, sektorea arautzea nahi dute taxilariek, bi kolektiboek baldintza beretan lan egin ahal izateko.
Egoera horren aurrean, Taxilarien Euskal Federazioak mobilizazioak deitu ditu datorren otsailaren 4rako Bilbon. Elkarteak ohar bidez jakinarazi du pasa den azaroaren 18an egin zituzten mobilizazioen ostean, Eusko Jaurlaritzak VTC lizentzia duten ibilgailuen gaineko ikuskatze kanpaina hasi zuela. Horren emaitza izan zen ibilgailu mota horien %65ek zigorren bat jaso zuela, baina federazioak salatu du Jaurlaritzak ez duela ikuskapenekin aurrera jarraitu, eta kontrolak egiteari utzi diola.