
Programa berria jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak: 2 milioi euro inbertituko dira teknologia kuantikoa txertatzen duten enpresa-proiektuak sustatzeko. Leixuri Arrizabalaga foru bozeramaileak argitu ditu deialdi berriaren ezaugarriak, zeina Biqain (Bizkaia Quantum Advanced Industries) estrategiaren barruan kokatzen den.
Enpresentzako Bizkortze Kuantikoko Programak laguntza emango die teknologia kuantikoko industria-ikerketako proiektuei, konputazioaren, simulazioaren, komunikazioen zein zibersegurtasunaren, sentsorikaren eta metrologiaren arloetako negozio-erronkei aplikatzeko. Laguntza orotarikoa izango da: zerbitzu espezializatuak, azpiegiturak, plataforma teknologikoak… guztia doan. Aholkularitza kuantikoko zerbitzua ere eskaintzen du laguntzak. Bestalde, zehaztu dutenez, proiektuek ardatz izan beharko dute produktuetan edo prozesuetan “eragin handiko aurrerapenak sortzea”.
Interesa duten proiektuek eskaera bidaltzeko tartea izango dute gaurtik hasi eta urriaren 31ra bitartean. Hori bai, egoitza soziala edo fiskala Bizkaian izan beharko dute, eta, baita, gutxienez, bost pertsonez osatutako plantilla ere. Plantilla txikiagoa izatea onartuko da enpresa duela bost urte edo gutxiago sortu denen kasuan.