
EAEko Lan Ikuskaritzak tenperatura beroekin lan egiteak dakartzan ondorioak gogorarazteko 4.236 gutun bidali ditu euskal enpresetara. Tenperatura altuetan aritzeak langileen osasunean dituen arriskuak azaldu ditu, eta era berean, egungo arautegia ez betetzeak ekar ditzakeen ondorioak ere nabarmendu ditu.
Bigarren urtez segidan antolatu du egitasmo hau, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak adierazi duenez, iaz harremananik izan ez zuten enpresekin jarri dira kontaktuan aurten.
Udaran, tenperatura altuak direla eta, langileen segurtasun eta osasun arriskuak areagotzen direla gogoratu du Lan Ikuskaritzak gutun hauen bitartez. Ostalaritza eta industria sektoreak nabarmendu ditu beste guztien gainetik, tenperatura beroetan lan egiten duten langileak arlo hauetakoak baitira gehien bat.