• EKONOMIA
  • Bilboko Udalak hiria tentsio handiko eremu izendatzea eskatu du

Bilboko Udalak hiria tentsio handiko eremu izendatzea eskatu du

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman beharko du neurria martxan jarri dadin

Bilbo hiria | Argazkia: iStock
Bilbo hiria | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 9a
Eg. 2025eko apirilaren 9a

Bilboko Udalak eskatu berri du hiria tentsio handiko eremu izendatzea, etxebizitzak ordaintzeko biztanleek esfortzu ekonomiko handia egin behar dutelako. Erabakia hartzeko azterlan bat izan da kontuan, zeinaren arabera bilbotarrek soldataren %30 baino gehiago bideratzen dutela alokairua zein hipoteka ordaintzera.

 

Hiri batek tentsio handiko gune bilakatzeko bi irizpide bete behar ditu. Lehena, biztanleek etxebizitzara irabazien %30 baino gehiago bideratzea da, eta arestian esan bezala, Bilbok hori beteko luke. Bigarren irizpidea, aldiz, ez du betetzen: etxebizitzen prezioa (alokairuen zein erosketen kasuan) KPIaren gainetik, gutxienez, hiru puntu hazi izana azken bost urteetan.

Hala ere, udalaren ustetan beharrezkoa da lehenbailehen aurre egitea etxebizitzen kostuaren aferari, eta horregatik bidali dio jada tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari. Eskaera horrez gain, 40 neurriz osatutako plana ere aurkeztu du udaletxeak, bost zutabe estrategikoren arabera sailkatuta. Plan hori datozen hiru urteetan garatuko da, non, besteak beste, laguntzak eskainiko zaizkien etxea izan nahi duten gazteei eta bestelako kolektibo zaurgarriei.

 

Lurralde plan partzial berria metropolirako

Atzo bertan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Bilboko metropoliaren lurralde plan partzial berria, orain artekoa 2006an jarri baitzen martxan. Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azaldu zuenez, garai hartan lehenetsi ziren zenbait neurri (azpiegitura berriak eraikitzea, kasu) ez dira gaur egun lehentasun. Oraingoan, komenigarriagoa delako, hain zuzen, jada sortuta dauden azpiegiturak berrerabiltzea.

Plan berria lau sailetan banatu da (Bilboko itsasadarra, Meatzaldea, Txorierriko eskualdea eta Basauri-Galdakao ardatza) eta 35 udalerrirengan izango du eragina, hots, 900.000 pertsonengan, gutxi gorabehera. Alzagaren esanetan erabakia positiboa da, lurzorua ez delako “alferrik” erabiliko eta jasangarritasuna zein hazkunde eraginkorra sustatuko direlako.