
Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) tentsio handiko eremu izendatu ditu behin betikoz Donostia, Galdakao eta Nafarroako 21 udalerri: Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Corella, Elortzibar, Cintruenigo, Baztan, Altsasu, Uharte, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.
Hala, erreferentziazko prezioen indizera egokitu beharko dira lurralde horietako alokairu kontratu berriak, eta, gainera, administrazio publikoak behartuta egongo dira etxebizitzen eskaintza handitzeko premiazko neurriak martxan jartzera, gehienez ere hiru urteko epean.
Bestalde, pizgarri fiskalak aurreikusten dira errentak murriztea erabakitzen duten jabe txikientzat. Hala nola, alokairuaren prezioa %5ean beheratzen dutenek %90era arteko kenkaria eduki ahal izango dute. Espainiako Etxebizitza Ministerioaren arabera, politika horren helburua “espekulatzen dutenak zigortzea eta interes orokorraren alde egiten duten jokabideak sustatzea” da.