
Tentsio handiko eremuei buruzko txostena, informazio-kanpaina eta webgune berria aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak egin du aurkezpena, Miguel de los Toyos sailburuordearekin eta Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarekin batera.
Tentsio eremuak izenda daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua aurkeztu da, hala, “Euskadiko eremu tentsionatuei buruzko txostena. 2025eko apirila” dokumentuan, zeina Etxebizitzen Euskal Behatokiak argitaratu duen gaur. Bertan, tentsio handiko eremuak izendatzeko hiru irizpideak betetzen dituzten 32 udalerri identifikatu dira, 2024 urte amaierako datu ofizialak kontuan izanik. Ondorengoak dira: Araban Gasteiz da bakarra; Bizkaian Balmaseda, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Derio, Elorrio, Erandio, Ermua, Gorliz, Lekeitio, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela eta Urduliz izango lirateke; Gipuzkoan, aldiz, Arrasate, Azkoitia, Bergara, Deba, Getaria, Hondarribia, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Orio, Pasaia, Soraluze, Tolosa eta Zarautz.
Datu horiek eta informazio gehiago “argi” azaltzeko webgunea ere estreinatu du Jaurlaritzak. Azaldu dutenez, tentsio handiko eremuen gaineko “informazio eguneratua” jasoko da atarian, baita datozen urteetarako ekintza-planei buruzkoa ere. Herritarrek bertan kontsultatu ahal izango dute tentsio handiko eremu izendatutako udalerrien zerrenda, alokairuaren prezioen bilakaera, baita “euskal herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoko informazio guztia” ere. Mapa interaktiboak, deskarga daitezkeen txostenak eta ohiko galderen atala biltzen ditu webguneak.