TicketBAIk 900 zergadunen kolektiboarekin hasi du Gipuzkoako derrigorrezko fasea

Gipuzkoako Ogasunak borondatezko aldian sartzea eta software egokia eskuratzea gomendatzen ditu

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

TicketBAI fakturazio digitaleko sistemaren nahitaezko ezarpena gaur, uztailak 1, hasi da lehen taldearekin Gipuzkoan, zerga-kudeatzaileen taldeko 900 zergadunekin.

2023ko ekainaren 1era bitarte, Gipuzkoako ekonomia-sareko hainbat kolektibo pixkanaka sisteman sartzen joango dira. Sistema horren bidez online fakturatzeko, software bat izan beharko dute, transakzio guztiak erregistratzeko eta informazioa denbora errealean Gipuzkoako Ogasunari bidaltzeko.

“Jakin badakigu aldaketa bat dela eta egokitzapena behar duela”, adierazi du Irune Yarza Gipuzkoako Ogasuneko zuzendariak eta gaineratu du, arrazoi horrengatik ezarri dutela borondatezko aldi bat, fakturazio-akatsak gertatuz gero ere penalizaziorik ez izateko.

Orain arte, 6.000 zergadun inguru sartu dira TicketBAIren borondatezko aldian. Hala ere, derrigorrezko aldian sartu baino hilabete lehenago arte egongo da proban sartzeko aukera eta, hain zuzen ere, Gipuzkoako Ogasunak proban sartzeko gomendioa luzatu du.

Jada derrigorrezko dute TicketBAIren erabilpena zerga-kudeaketaren profesionalek; irailaren 1etik aurrera lanbide-jarduerek ere hala izango dute; azaroaren 1etik aurrera saltoki txiki eta ostalaritzaren txanda izango da; 2023ko apirilaren 1etik aurrera eraikuntzak, higiezinen sustapenak, garraioak eta aisialdiko zerbitzuek ere derrigorrezko izango dute eta 2023ko ekainaren 1etik aurrera fabrikazioak, saltoki handiek, telekomunikazioek, finantzek, artistek eta gainerako zergadunek.

Gipuzkoako Ogasunaren arabera, trantsizioa “pixkanaka eta taldeka egitea mesederako” izango da, ez baita ahaztu behar “TicketBAIren helburua, iruzurraren aurkako borrokan laguntzea” dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK