• EKONOMIA
  • Tokia kontutan hartzen badugu? Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren inguruko hausnarketa bat

Tokia kontutan hartzen badugu? Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren inguruko hausnarketa bat

Gutxieneko soldata kontzeptuak gatazka ugari sustatu ditu maila akademikoan, sindikalean eta politikoan

Lan hitzarmen eske egindako protestetako bat | Argazkia: ELA
Lan hitzarmen eske egindako protestetako bat | Argazkia: ELA
202402 ENDIKA ALBORT
Ekonomisten Euskal Elkargoko Lar Arloko Ekonomisten Komunitateko kidea
2025eko ekainaren 2a
Eg. 2025eko ekainaren 2a

Euskal Herri penintsularreko gehiengo sindikalak sinadura bilketa deitu dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa lortzeko. Mugimendu honek sustatu dituen ekintzen artean, neurriaren inguruan aztertzea eta eztabaida piztea da helburuetako bat.

 

Azpimarratu behar dugu gutxieneko soldata kontzeptuak gatazka ugari sustatu dituela maila akademikoan, sindikalean eta politikoan. 70eko hamarkadatik aurrerako antolaketa neoliberalaren gorakadak zuzenean eta inolako begirunerik gabe eraso dio botere sindikalari. Erasoaren atzean planteamendu honen izaera erabat antidemokratikoa aurkitzen da, giza eskubideen aurka egiten duena. Gutxieneko soldata ez da eraso horretatik libre geratu, neoliberalismoan soldata merkatuaren eta produktibitatearen "orekak" zehaztu behar duela adierazten baita, besteak beste. Hala ere, azpimarratu behar da azken hamarkadetan egindako lan enpirikoek desmuntatu egiten dituztela ikuspegi partidista horrek emandako argudioak, hala nola Card, Angrist eta Imbensek gutxieneko soldatari eta enpleguaren suntsiketari edo sorrerari dagokienez garatutakoa.

Ikertzaile horiek egindako ikerketek Ekonomiako Nobel saria jaso zuten, eta ondorioztatu zuten gutxieneko soldatak ez duela enplegua suntsitzen, konplexuagoa baita. 1992an, Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) gorakadak New Jerseyko (AEB) janari lasterreko jatetxeetan izan zuen eragina aztertu zuten, enplegua sortuz eta soldata-igoerak emanez, baina baita menuaren prezioa handituz ere. LGSren gorakaden aurrean, zenbait ekonomialari agertu ohi dira neurria kritikatuz, enplegua deuseztatuko baitu. Hala ere, ebidentzia enpirikoak salaketa hau gezurtatzen du, errealitate ekonomikoa ez da zuria ala beltza, oso konplexua baizik.

 

Geografia garrantzitsua da

Eztabaiden artean, gutxieneko soldata ezartzen den eremu geografikoa zehatzea da mahai gainean jarri dena, hainbat posizioetako eragileak elkartzen dituena. Lanaren Nazioarteko Erakundeak azpimarratu du posible dela lurraldeko gutxieneko soldata ezartzea, bizitzaren kostuan dauden aldeak kontuan hartzeko aukera ematen baitute (LANE, 1970). Bestalde, 2022/2041 Europako Zuzentarauak gutxieneko soldataren zenbatekoa zehazteko orduan ezartzen den errealitate sozioekonomikoa kontuan hartzeko beharra azpimarratzen du. Kasu honetan, EBk pertsonen bizi eta lan baldintzak hobetu nahi ditu, Europan gutxieneko soldata egokietarako esparru bat ezarriz.

Gure inguruneko proposamenen artean, estatu-nazioaren esparruak ezarri du eremu geografikoa, beste konfigurazio posible batzuk alde batera utzita. Esan behar da proposamen honen atzean (egungoa), pribilegiatutako negoziatzaileei mesede egiten dien Espainiako ordezkaritza sindikalaren sistema dagoela: CC.OO. eta UGT duopolio sindikala, batetik, eta patronalen zentral handiak, bestetik; gainerako erakundeak baztertu edo minimizatzen ditu. Hala ere, ez da ahaztu behar Espainiako patronalak berak proposatu zuela 2021ean gutxieneko soldatak lurraldeka negoziatzea.

Europa mailan gutxieneko soldata bat ezartzeko ahaleginak egin dira, baina proposamenik ez da gauzatu, Europar Batasuneko gobernantza sistema dela eta

Arestian aipatutako eremuari dagokionez, Europa mailan gutxieneko soldata bat ezartzeko ahaleginak egin dira, baina proposamenik ez da gauzatu, Europar Batasuneko gobernantza sistema dela eta. Horren ordez, 2020an Europako Batzordearen agendan sartu zen, gutxieneko soldata egokiei buruzko zuzentarau bat ekarriz 2022an (2022/2041 (EB) Zuzentaraua).

Zer dela eta lurralde-mailako gutxieneko soldata bat aztertzea? Hemen lurralde baten barruko eremu geografiko jakin batzuetarako soldata-atalase espezifikoak finkatzeaz ari gara, Estatu Nazionalaren esparruaren ezarpena kontuan hartu gabe. Neurri horien helburua da gutxieneko soldata lurralde bakoitzeko baldintza ekonomikoetara eta bizi-kostura egokitzea, estatu-nazioen gutxieneko soldata uniformearen aurrean. Ez da gauza arraroa, beste lurralde batzuetan (Kanada, Estatu Batuak eta Brasil, besteak beste) nahiko erabilia baizik.

Orain dela hamar urte, ingurune hurbilean egindako ikerketetan jartzen badugu arreta, Suriñachek eta Ramosek ondorioztatu zuten Bartzelonako metropoli-eremuaren kasurako gutxieneko soldata igotzeak ez lukeela modu argian eragingo enplegu-mailen murrizketan, baina bai onura handiak sortuko lituzkeela gaizki ordaindutako langileen erosteko ahalmenean. Todolí eta López, aurten argitaratutako azterketa berriago batean eszeptikoagoak dira; izan ere, horiek ezartzeak mugak izan ditzake (kaleratze eta deslokalizazioen bidez), eta, Administrazioek ezarriz gero, negoziazio kolektiborako arriskuak aztertzen dituzte. Dubek eta Lindnerrek, Estatu Batuetako tokiko gutxieneko soldatei dagokienez, adierazi dute politika horiek soldata baxuenak igo dituztela, eta ez dela aldaketa esanguratsurik gertatu enplegu-probabilitateetan. Azpimarratu behar da Suriñach eta Ramos, Todolí eta Lópezen azterketan txostenak direla, baina Dube eta Lindnerren lana datuetan oinarritzen direla, hau da, esperientzia erreal batean.

Eztabaidarako gako batzuk

Bertoko analisi enpirikoen artean, Mikel Barba eta Jon Bernat Zubiri EHUko irakasle eta ikertzaileek 1.500 euroko gutxieneko soldata propio bat kobratuko lukeen euskal langileen azterketa egin dute. Ondorio nagusienen artean, langileen %15 batetik %27,37ra pasatuko lirateke lurralde mailako gutxieneko soldata kobratzera. Adin guztietako langileak onuratuko lirateke, merkataritza sektorean eragin handiena izanik, bulego eta ostalaritza hurbil jarraituz.

Ekonomiaren arloko argudioak eta zenbait kasu-azterlan garrantzitsu aurkeztu dira, abian dagoen eztabaida sakonago aztertzeko. Euskal Herrirako gutxieneko soldata baten kasuan, literatura akademikoaren berrikuspen trinkoaz gain, beharrezkoa da kalitatezko azterlanak izatea, proposamena ikuspegi desberdinetatik aztertzeko, eta ez soilik enplegutik edo enpresetan duen eraginetik.