Euskal Herriaren garapen ekonomikoa, historikoki, industriarekin, bere hiriguneetako ekoizpen-ehunarekin eta bere ardatz logistiko nagusiekin lotuta dago. Hala ere, azken urteotan, ikuspegi berri bati begiratzen dion errealitate bat sortu da: udalerri txiki eta ertainetako elkarlaneko guneak (coworking), hurbileko azpiegitura ekonomiko gisa funtzionatzen dutenak, tokiko ekintzailetza errazten dutenak, talentua txertatzen dutenak eta landa- eta hiri-inguruetako lurraldeen dibertsifikazio produktiboa bultzatzen dutenak.
Espazio horiek, telelanaren modaz harago, lan-merkatu berriaren egiturazko beharrei erantzuten diete —berrikuntza, lankidetza, zerbitzu aurreratuak...—, eta tresna zehatz bat eskaintzen dute jarduera ekonomiko tradizionaletik harago doazen enpresa-proiektuak sustatzeko.
Lan egiteko modu berrietarako azpiegitura berriak
Telelanaren, ekintzailetza digitalaren eta profil profesional hibridoen gorakadak lanaren eta lurraldearen arteko harremana aldatu du. Gaur egun, profesional askok ez dute fisikoki hiri handi batean egon behar beren jarduera garatzeko. Gutxieneko azpiegitura behar dute: konexio ona, espazio egokiak, zerbitzu partekatuak eta komunitate profesionala.
Hor sartzen dira jokoan tokian tokiko coworkingak. Berritasun nagusia ez da espazio fisikoa bakarrik, proposatzen duten eredua baizik: gune malgu eta merkeak autonomo, enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) eta telelangileentzat, toki-garapeneko politika publikoekin integratzea, akonpainamendu, prestakuntza eta dinamizazio ekonomikorako programak eta, azkenik, oso profil desberdinen arteko lotura (sektore sortzailea, teknologikoa, soziala, industriala, turistikoa…).
Hiru eredu, helburu bera: talentu eta ekonomia lokala egituratzea
Lurraldean garatzen ari diren esperientziek logika bera partekatzen dute: azpiegitura deserabiliak gaitasun ekonomiko aktibo bihurtzea. Hala ere, proiektu bakoitzak bere nortasuna du, tokiko beharren arabera.
Zumaian Alberga elkarteak udalarekin bat egin du Ekonomia Sozial Eraldatzailea txertatzea ahalbidetuko duen coworking espazioa abiatzeko. Alberga elkarteko kudeaketa taldetik azaldu dutenez, herrian proiektua abiatzearen helburua argia zen: “Kolektiboaren interesak erdigunean jartzea, herrian bestelako jarduera eredu batzuk posible direla erakutsiz”. Beste adibide bat da Dinabide, Arbizun (Nafarroa) kokatua. Sakanako Garapen Agentziak kudeatuta, horren fokua ETEen digitalizazioan eta fabrikazio gehigarrian dago jarrita. Coworking bat tailer teknologiko espezializatua ere izan daitekeela frogatzen du, prototipoak garatuz eta enpresei aholkularitza teknologikoa eskainiz. Zumarragako Ibaiondo 05 coworkingak, aldiz, ekimen pribatuaren indarra erakusten du. Beatriz Ruizek eta bere senarrak, etxetik lan egiteari utzi eta espazio profesional baten bila, lokal handi bat coworking gisa eskaintzea erabaki zuten. Haien kasuan, helburua sinergia sektorialak sortzea da: Erako eraikuntza-taldeko kide izanda, sektore horrekin lotutako profesionalak erakarri nahi dituzte proiektu integralagoak garatzeko.

Guztiek hiru funtzio ekonomiko nagusi betetzen dituzte: ekintzailetzarako muga-hesiak murriztea, bakartuta zeuden profilak konektatzea eta ingurunean eragina izatea kontsumoaren eta ikusgarritasunaren bidez.
Eskaintza espezializatua: prototipoetatik tailerretara
Coworking moderno horien ezaugarri berria balio erantsiko zerbitzuak dira. Iker Manterola Dinabideko kudeatzailearen hitzetan, hiru oinarri dituzte euren kasuetan: “Coworkinga, tailer teknologikoa eta formazioa (Adimen Artifiziala edo zibersegurtasuna). Horrek ETEei produktu berriak prototipatzeko eta balio handiagoko eremuetan sartzeko aukera ematen die”.
Zumarragako Ibaiondo 05n, berriz, espazioaren erabilera hibridoa nabarmentzen da. “Nahiz eta coworking eskaera oraindik apala izan, lokala maiz alokatzen da tailerrak eta bestelako jarduerak egiteko, herriko bizitza sozial eta ekonomikoa dinamizatuz”, dio Ruizek.
Hiru funtzio ekonomiko nagusi betetzen dituzte: ekintzailetzarako muga-hesiak murriztea, bakartuta zeuden profilak konektatzea eta ingurunean eragina izatea kontsumoaren eta ikusgarritasunaren bidez
Gune horien jatorria askotan ondare hila berreskuratzea da. Alberga elkarteko arduradunen arabera, “lanerako espazioa ez ezik, formakuntzak, bilerak eta jardunaldiak egiteko” erabilitzen dute. Bertan biltzen diren proiektuak askotarikoak dira: energia komunitateak (Piztu), telekomunikazio kooperatibak (Abaila) edo zaintza lanak (Bizitzak Zaintzeko).
Dinabidek, berriz, CEIN bezalako eragileekin elkarlan aktiboan jarduten du ekintzaileei bidelaguntza emateko. Horrek erakusten du gune horiek ez direla isolatutako uharteak, lurralde-sare baten parte baizik.

Inpaktu ekonomikoa: eskala txikian, efektu handia
Coworkingen eragina ez da neurtzen sortutako lanpostu zuzenen kopuruagatik bakarrik, dinamika ekonomikoak aktibatzeko duten gaitasunagatik baizik. Zumarragan profesionalen arteko harremanak (sinergiak) dira motorra. Zumaian argi ikusi dute: “Eraldaketak denbora eskatzen du”, baina helburua da “herrian bertan bizi ez ezik, lan ere egitea”.
Ibaiondo 05, Dinabide edo Alberga bezalako proiektuek erakusten dute coworking lokalak lurraldeko azpiegitura egonkor bihurtzen ari direla
Euskal Herrian hiri-kontzentrazioa handia den arren, coworking lokalek giza kapitala birbanatzeko balio dute. Profil kualifikatuei (arkitektoak, ingeniariak, digitalizazio adituak) beren jatorrizko herrietan geratzeko edo itzultzeko aukera ematen die. Pieza horrek ez du industria ordezkatzen; osatu egiten du, euskal ereduari malgutasuna eta dibertsifikazioa emanez.
Erronka ez da gune gehiago irekitzea, daudenak sendotzea baizik: bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzea eta kudeaketa profesionalizatzea. Ibaiondo 05, Dinabide edo Alberga bezalako proiektuek erakusten dute coworking lokalak lurraldeko azpiegitura egonkor bihurtzen ari direla: eskalan txikiak, baina inpaktuan ezinbestekoak.