Hego Euskal Herrian tokiko moneta osagarria izateko bazkide bila ari dira Gure moneta proiektuaren sustatzaileak. Izan ere, 2026ko hirugarren hiruhilekoan proiektu pilotu bana abiarazi nahi dute Oarsoaldean (Gipuzkoan) eta Baztanen (Nafarroan), apurka-apurka bestelako eskualdeetara zabaltzen joan eta etorkizunean Euskal Herri guztian erabili ahal izango dena. Horretarako Herriz herri, moneta bat kanpaina aurkeztu zuten atzo Errenteriako Lekuona fabrikan, eta horren azalpenak eman zituzten Gure monetako koordinatzaile Luix Intxauspek, Oarsoaldeako proiektu pilotua sustatzeko lantaldean dagoen Olatz Olaizolak, eta Baztangoan ari den Aintzane Ariztegik.
Tokiko moneta hori euroarekiko osagarria izango litzateke, guztiz legala, Europako zein estatu bakoitzeko legedian arautua dagoena. Hura aurrera ateratzeko arrazoietako bat da tresna bat izatea tokian-tokian aberastasuna sortzeko, garapen ekonomikorako eta enplegua bultzatzeko, baita justizia soziala, trantsizio ekologikoa edota euskararen defentsa lantzeko ere.
Arestian aipaturiko pilotuok aurrera ateratzeko, egitasmoa ekonomikoki babestuko duten 1.200 bazkide-laguntzaileren bila ari dira. Gutxieneko kopurua litzateke hori, eta dagoeneko 100 lagun bazkidetu dira, kanpaina martxan baitago. Halaber, webgune bat abiarazi dute nondik norakoak azaldu eta bazkidetza errazteko. Monetak ez du izenik momentuz, eta billeteen diseinu ere erabakitzeke dago. Laneta hori, hain zuzen, udara bitarte egingo dute.
Egitasmoak oinarrian du Iparralden orain 13 urte sorturiko euskoaren esperientzia. Egun 5 milioi eusko daude zirkulazioan, eta Euskal Elkargoko 158 udalerrietan erabiltzen da. Orotara dituen 6.000 erabiltzaileetatik 1.500ek esparru profesionalean baliatzen dute eta 4.500ek partikularki. Gure monetaren kasuan, proiektuaren gidaritza eramaten eta hura finantzatzen ari diren entitateak dira Eusko-a (Euskal Moneta elkartea), Udalbiltza, Cederna-Garalur, Baztango Udala, Oarsoaldeko garapen agentzia, Oarsoaldeko udalak (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), Olatukoop, Dendartean (Gipuzkoako merkatarien elkartea), Euskalgintzaren kontseilua, Bilgune feminista, LAB sindikatua, Ipar Hegoa fundazioa eta norbanako boluntarioak. Atzo bertan elkarte horietako ordezkariak izan ziren kanpainaren aurkezpenean