
Donostiako Zinemaldiak eta HAZIk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresa publikoak, Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketa egingo dute aurten. Euskal Herriko produktua zinemaren bidez zabaltzea du xede proiektuak eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza mundua ezagutarazi nahi da film laburren bidez.
6.000 eta 4.000 eurorekin sarituko dituzte bi lan onenak, eta Kursaal Jauregian egingo den zinemaldiaren amaierako galan banatuko dira sariak, irailaren 30ean. Aurkeztutako lan hauek gehienez hiru minutukoak izan beharko dute eta telefono mugikor batekin grabatutakoak izan behar dira. Hala, izena emateko epea atzo zabaldu zen eta irailaren 12ra arte egongo da zabalik.
Zinemaldiak azaldu duenez, egitasmo hau jaialdiak EAEko lehen sektorearekin eta jasangarritasunarekin hartuta duen konpromisoaren parte da. Halaber, konpromiso honek "karbono-aztarnaren inpaktua murrizteko hainbat neurri abiaraztea dakar berekin, baita ingurumen-zabalkundea eta -kontzientziazioa gauzatzea ere".