Lekeitioko portuan trainerua uretara jaisten denean, ikusleak hamahiru arraunlari, patroi bat eta hogei minututik gorako estropada ikusten ditu. Helmugan erabakitzen da garailea, baina emaitza hori ez da egun bakarreko lanaren ondorio. Trainera batek irteera-lerroan egon ahal izateko urte osoko antolaketa ekonomikoa, giza baliabideen kudeaketa eta milaka euroko aurrekontua behar dira. Arrauna tradizioarekin, herri nortasunarekin eta boluntariotzarekin lotu izan da historikoki, baina ACT Ligako (gizonezkoen maila altuena) errealitateak erakusten du kirolak gero eta antza handiagoa duela enpresa baten funtzionamenduarekin. Beraz, galdera da, gaur egun zenbat balio da traineru bat ACT Ligan lehiatzen jartzeak? Gaitasun ekonomikoa dute klubek, eta bereziki Lekittarrak, hori egiteko? Zein garrantzi du maila mantentzeak klubaren ekonomian?
Ez dago galdera horiei erantzuteko pertsona hoberik Aritz Murphy baino. Lekeitiokoa da bera jaiotzez, eta bere bosgarren denboraldia da aurtengoa klubean, arraunlari bezala. Gaur egun gizonezkoen lehen taldean ari da arraunean, ACT Ligan. Baina harrobitik datorren arraunlaria da Murphy, eta badaki traineru bat mantentzeak zer dakarren.
Lehen mailaren profesionaltasuna, baztertu behar ez den gaia
Lehenik eta behin, azaldu behar da ACT Ligan lehiatzea ez dela soilik traineru azkar bat edukitzea. Elitean aritzeak egitura profesional bat eskatzen du. Arraunlariak dira proiektuaren isla, baina haien atzean entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak, fisioterapeutak, materialaren arduradunak, administrazioko langileak eta logistika antolatzen duten pertsonak daude. Horiez gain, urte osoan mantendu behar dira instalazioak, ontziak, motor-txalupak, atoia (traineru garraiatzeko erremolkea), aseguruak, federazio lizentziak eta bidaiak. Guzti horrek osatzen du traineru baten benetako kostua.
Aurrekontu txikienak dituzten taldeek 400.000 eta 600.000 euro arteko baliabideekin egin behar diote aurre denboraldiari. Isuntza azken multzo horretan kokatuko litzateke
Sektoreko iturrien arabera, ACT Ligako kluben aurrekontuak hiru mailatan bana daitezke. Goi mailako klubek, milioi euro inguruko edo hortik gorako aurrekontuak izan ditzakete. Bigarren mailan kokatzen dira 600.000 eta 900.000 euro artean mugitzen diren klubak. Azkenik, aurrekontu txikienak dituzten taldeek 400.000 eta 600.000 euro arteko baliabideekin egin behar diote aurre denboraldiari. Isuntza azken multzo horretan kokatuko litzateke.
Trainera bat mantentzearen atzean, hamaika alderdi, eta hamar hilabete
Aurrekontuaren zatirik handiena giza baliabideetara bideratzen da. Eliteko talde batek ezin du soilik boluntarioen lanarekin jardun. Dietak, ordainsariak, prestaketa fisikoa eta eguneroko entrenamenduak finantzatu behar dira. Horri gehitu behar zaio talde teknikoaren kostua. Entrenatzaile nagusia, prestatzaile fisikoa eta, kasu askotan, fisioterapeuta edo laguntzaile teknikoak ezinbesteko piezak dira gaur egungo arraunean. Guztira, aurrekontuaren erdia baino zertxobait gutxiago pertsonetan inbertitzen dela kalkulatzen da.
Kanpotik begiratuta, askok pentsatu dezakete trainerua dela klub baten ondasunik garestiena. Egia da ontzi berri batek 40.000 eta 70.000 euro arteko kostua izan dezakeela, erabilitako materialen eta fabrikatzailearen arabera. Hala ere, gastu hori urte askotan amortizatzen da. Benetako kostua mantentze-lanetan dago: karbonozko arraunak berritzea, palak ordezkatzea, ontziaren konponketak egitea, atoia mantentzea, motor txalupen gastuak eta material teknikoaren etengabeko berritzea. Urte amaieran, materialaren faktura 30.000 eurotik gorakoa izan daiteke. Murphyk azaldu duen moduan, garestiak izan ohi dira horiek, baina “taldea ez bada bereziki baldarra”, bi urtean behin egin beharreko gastuak dira, eta azkenerako ez du aurrekontuarekiko sekulako gastua suposatzen.
Denboralditik kanpo, zortzi hilabete entrenatzen igarotzen dituzte arraunlariek, eta estropadak jokatuko diren lekuetara joaten dira astean bi aldiz, entrenatzera
Beste gastu handietako bat logistika da. ACT ligako egutegiak Euskal Herri osoan zehar bidaiatzera behartzen ditu klubak, eta zenbait asteburutan Galiziara ere joan behar izaten dute. Autobusak, kamioiak, atoia, gasolina, dietak eta ostatuak kontuan hartuta, asteburu bakoitzak hainbat mila euroko kostua izan dezake. Denboraldi amaieran, bidaiak bihurtzen dira aurrekontuko partida handienetako bat.
Eta badirudi udaran zehar, hau da, denboraldian zehar, egiten diren gastuak direla horiek, baina Murphyk ondo azaldu duen bezala, nahiz eta denboraldiak bi hilabete iraun, urteko beste zortzi hilabete igarotzen dituzte entrenatzen, denboraldia prestatzen. Eta zortzi hilabete horietan zehar, astean bi aldiz, estropadak jokatuko diren tokietara bidaiatzen dute, denboraldian zehar lehiatuko diren uretan entrenatzeko.
Isuntzaren estrategia, harrobia eta kudeaketa fina
Hala ere, Isuntzaren estrategiaren ardatzetako bat ez dago lehen taldean, harrobian baizik; baina honek, aldi berean, lehen taldean badu eraginik. Arraun eskolak urteko aurrekontuaren zati esanguratsua xurgatzen du, entrenatzaileak, ontzi txikiak, materiala eta gazteen lizentziak finantzatu behar direlako. Gastua dirudi, baina ikuspegi ekonomikotik inbertsioa da. Etxean hazitako arraunlari batek kanpotik fitxatutako batek baino kostu txikiagoa izan ohi du, eta, gainera, klubaren nortasuna sendotzen du. Enpresa batek ikerketa eta garapenean inbertitzen duen bezala, arraun klub batek harrobian egiten du, etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko. Aritz Murphyk, azken aldian, gorakada bat nabaritu du Lekeition, gazte eta ume arraunlariei eta arraun-zaleei dagokionez.
Eta Isuntzak apustu hori egiten duela esaten denean ez da edonolako baieztapena. Egia da elkarteko diru-sarrera gehienak lehen taldeko jardueretatik datozela: ACT Ligan lehiatzeagatik jasotzen dena, babesle pribatuetatik lortzen dena, etab. Baina lortutako sarrera guzti horiek ez dituzte proportzioan banatzen, hau da, ez dute dena berriro ere lehen taldea finantzatzen inbertitzen. Infantiletatik hasi eta lehen talderaino sekulako harrobi-egitura du Isuntzak, mutil zein nesketan, eta hori mantendu zein hobetzean inbertitzen dute zati garrantzitsu bat. Lehen taldeak instalazio txukunak, bidaiak edota giza baliabideak behar dituen bezala, elkarteko gainontzeko taldeek ere hala behar dute, eta esan bezala, horrek gero lehen taldeko traineruan eragin zuzen bezain positiboa duela argi dute Isuntzan.
Infantiletatik hasi eta lehen talderaino sekulako harrobi-egitura du Isuntzak, mutil zein nesketan, eta hori mantendu zein hobetzean inbertitzen dute zati garrantzitsu bat
Horrek guztiak diru-sarrera sendoak eskatzen ditu. Isuntzaren kasuan, babesle pribatuak dira finantzaketaren zutabe nagusietako bat. Horiez gain, erakunde publikoen laguntzek ere pisu handia dute. Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia-Bizkaialde programaren bidez, klubak 57.026,97 euroko laguntza jaso zuen 2024an, eta 56.641,00 eurokoa 2023an (ikus daiteke urtero diru kopuru horren bueltan dagoen laguntza jasotzen duela). Kopuru garrantzitsua da, baina ez litzateke nahikoa izango urteko gastuen zati txiki bat baino gehiago estaltzeko. Gainerako dirua bazkideen kuotetatik, udalaren ekarpenetatik, ACT ligako banaketetatik, merchandisingetik eta bestelako jardueretatik lortu behar da. Horrek erakusten du diru-iturri bakar baten mende egotea arrisku handia dela eta klubaren egonkortasuna finantzaketa dibertsifikatuan oinarritzen dela.
Testuinguru horretan ulertzen da Isuntzak aurrekontu handiagoa duten kluben aurka lehiatu behar izatea. Hondarribiak, Oriok edo Urdaibaik milioi euro inguruko baliabideak izan ditzaketen bitartean, Lekeitioko klubak kopuru horren erdia edo gutxiagorekin egiten dio aurre denboraldiari. Horrek eragin zuzena dauka fitxaketa politikan, egitura teknikoaren tamainan eta baliabide materialetan. Hala ere, aurrekontuak ez du beti emaitza zehazten. Kudeaketa eraginkorrak, harrobi sendoak eta komunitatearen inplikazioak desabantaila ekonomikoaren zati bat orekatzeko aukera ematen dute.
Azken batean, Isuntzaren kasuak agerian uzten du arrauna ez dela soilik kirol jarduera bat. Klub batek langileak kontratatzen ditu, hornitzaileekin lan egiten du, babesleekin negoziatzen du, administrazio publikoekin hitzarmenak sinatzen ditu eta urte osoko aurrekontua planifikatzen du. Enpresa txiki baten antzeko egitura ekonomikoa du, nahiz eta bere helburua ez izan irabazi ekonomikoak lortzea, baizik eta kirol lehiakortasuna eta herri baten ordezkaritza uztartzea.
Udako estropadetan ikusleek segundo gutxiko aldeak neurtzen dituzte. Baina segundo horiek lortzeko behar den lana ez da uretan hasten. Aurrekontuetan hasten da. Eta Isuntzak erakusten du, baliabide mugatuagoekin ere, kudeaketa zorrotza, harrobi sendoa eta komunitatearen babesa uztartuz posible dela Euskal Herriko arraunaren elitean lehiatzea. Horixe da, agian, Lekeitioko klubaren garaipenik handiena.
Ekonomikoki erraza da, lehen mailan daudenentzat
Trainera bat mantentzea garestia dela dirudien arren, edo hobeto esanda, garestia den arren, Murphyk argitu du ACT Ligan dagoen talde batek gaur egun ez duela arazorik izaten ekonomikoki hori guztia kubritzeko. Arraunlariak dioenez, aurrekontu bat osatzerakoan garrantzitsua da traineruak duen ikusgarritasuna, hori baita markek bilatzen dutena, eta ikusgarritasun gehiena ematen duena ACT Ligan aritzea da. Orduan, ikusgarritasun hori lortzeko zailtasuna duen klubik ez dago lehen mailan; aitzitik, maila baxuagotan lehiatzen diren traineruak aurrera ateratzea litzateke erronka. Momentuz, Murphyren hitzetan, Lekittarrak ez du trainerua uretan sartzea ekidin dion arazo ekonomikorik izan.
Aritz Murphy (Lekittarrako arraunlaria): "Aurrekontu bat osatzerakoan garrantzitsua da traineruak duen ikusgarritasuna, hori baita markek bilatzen dutena, eta ikusgarritasun gehiena ematen duena ACT Ligan aritzea da"
Urte batzuk daramatza lehen mailan Lekittarrak, gehienetan kategoria mantentzeko lehian. Urteren batean gerta daiteke, beraz, mailaz jaistea, baina kontziente dira horretaz Lekeition, eta Isuntzaren diru-sarreren kudeaketa horren barruan, ezustekoren bat gertatzen denerako diru kopuru bat dute gordeta. Demagun, datorren denboraldian ACT Ligatik jaisten dela Lekittarra, eta sponsor garrantzitsu baten babesletzak suposatzen duen diru-sarrera galtzen dutela. Horrek zuloa suposatuko luke kasu normal batean, baina Isuntzak modu inteligentean jokatzen du, eta kasu horretan izango luke zerrekin estali zuloa. Horrela, bigarren mailan egonda ere, ez lukete arazo ekonomikorik izango trainerua aurrera ateratzeko, eta are gehiago, bigarren maila horretako traineru lehiakorrenetako bat izatea ahalbidetuko lioke.
Halere, Murphyk azaldu bezala, funtsezkoa da trainerua lehen mailan mantentzea, eta momentuz, aurten, ez doa gaizki Lekittarra, sailkapen aldetik: “Emaitza onak lortu ditugu orain arte denboraldian, azken bi postuekiko distantzia nahikoa atera dugu. Horrek ez du esan nahikoa lana egina dagoela, denboraldi erdia falta da oraindik, baina esan dezakegu bide onean goazela”. Pasa den asteburuan Lekeition bertan jokatu zen estropada, hain zuzen, eta Lekittarrak, etxean, ezustekoa eman zuen estropadan hirugarren postuan amaituta. Oriok irabazi zuen bandera, eta Donostiarra izan zen bigarren.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta