• EKONOMIA
  • Martxan da tren sektoreko langileen lehen greba eguna

Martxan da tren sektoreko langileen lehen greba eguna

Hiru greba egun aurreikusten dira, Garraio Ministerioarekin akordiorik lortu ezean

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 9a - 11:10

Gaurtik hasi eta asteazkenera bitartean dei egin dute grebara trenbide sektoreko sindikatuek (CCOO, UGT eta Semaf); lanuzteek Espainiako Estatu osoan izango dute eragina, baita Hego Euskal Herrian ere, sindikatuak ez direlako adostasunera iritsi Garraio Ministerioarekin.

 

Grebaren oinarrian Adamuzen (Andaluzia) eta Gelidan (Katalunia) urtarrilean izandako tren istripuak daude, zeintzuek, ehunka zaurituz gain, 47 hildako eragin zituzten. Ezbeharren ostean, sektoreko sindikatuek segurtasun neurriak indartzeko eskatu zuten: trenbideen eredua aldatzea, inbertsio eta langileen kontratazio gehiago egitea, eta lanak enpresa pribatuetara ez bideratzea, besteak beste.

EAEren kasuan, Jaurlaritzak %25eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta %50ekoak puntako orduetan, hau da, 06:00etatik 09:00etara, 13:30/14:00etatik 15:30/16:00etara eta 18:30etik 20:30era.

 

Asteburuan akordiorik lortu ez izanagatik, gaur ere ministerioarekin bilduta izango dira sindikatuak, eta hitzarmena lortzen badute, datozen bi egunetako grebak bertan behera geratuko dira.