Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen aurkezpena aletzen jarraitzen dute departamentuek, eta atzo arratsaldean Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa sailaren, eta Mugikortasun Jasangarriaren sailaren txanda izan zen.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa sailak aurrekontu txikiagoa izango du 2026an: 342 milioi euro, %4,5 gutxiago. Jaitsiera horrek zerikusia du besteak beste Emantzipa laguntza-lerroa 53 milioi euroko aurrekontua izatetik 32 milioikoa izatera igaro delako. Denera, 43,1 milioi euro gazteen autonomia sustatzera bideratu nahi ditu sailak, baina horrek eskatzen du besteak beste Etxebizitza sailarekin ere koordinatzea.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa sailak aurrekontu txikiagoa izango du 2026an: 342 milioi euro, %4,5 gutxiago, Emantzipa laguntza-lerroa 53 milioi euroko aurrekontua izatetik 32 milioikoa izatera igaro delako
Aurrekontu horren 170 milioi familia politiketara bideratuko ditu sailak, Nerea Melgosa sailburuak esandakoaren arabera, eta eszedentziagatiko edo lan murrizketagatiko laguntzetarako aurrekontua %10 handiagoa izango da.
Mugikortasun sailak 581,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, 2025eko ekitaldian baino %2,5 handiagoa. Zifra hori gakotzat jo du Cristina García Chueca sailburuak tren-azpiegitura berriak eta bestelako garraio egiturak martxan jartzeko helburuari heltzeko.
Mugikortasun sailak 581,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an, 2025eko ekitaldian baino %2,5 handiagoa
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokionez, 259,5 milioi euroko aurrekontua izango du, trenbide sarearen azpiegituretarako eta mugikortasun jasangarriko azpiegituretarako. Tartean hobekuntzak egin nahi dira Donostiako Anoetako geltokia berritzeko —8,8 milioi euro—, eta Gernikakoak eta Bediakoak amaitzeko —1,5 milioi euro—. Halaber, hobekuntza horiek garapen berrien bitartez ere egin nahi dira: Bilboko metropoli-trenaren 5. linea —53,7 milioi euro—, Donostiako lurpeko pasabidea —28,2 milioi euro—, Altza-Galtzaraborda trenbide-saihesbidea —25,3 milioi euro—, Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko lana —2,1 milioi euro—...
250,4 milioi Mugikortasun Jasangarriko Estrategiako zuzendaritzak kudeatuko ditu. Aintzat hartu behar da 2026 izango dela Mugikortasun Jasangarriko plana martxan dagoen lehen urtea. Horren baitan, 250.000ko partida dago udalek plana txertatzen joateko ekintzak egin ditzaten. Beste elementu bat da tarifa bateratua, nahiz eta lurralde historiko bakoitzeko berezitasunak aintzat hartuko dituen. "2025. urtea amaitu baino lehen, EAEko garraio publiko guztietan Bat, Barik eta Mugi txartel guztien interoperabilitatea lortzeko prozesua amaitu behar da", nabarmendu dute sailetik. Garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak ere saritu nahi ditu, gainera, baita kolektibo jakinak ere. 300.000 euro bideratuko ditu sailak horretara.
Cristina García Chueca (Mugikortasuna): "2025. urtea amaitu baino lehen, EAEko garraio publiko guztietan Bat, Barik eta Mugi txartel guztien interoperabilitatea lortzeko prozesua amaitu behar da"
130 milioi euro, berriz, Euskotrenek ematen duen zerbitzura bideratuko da, eta 92,8 milioi Renfeko aldiri zerbitzuari, aurten igaro dena Jaurlaritzaren eskumenpeko izatera. Azken horietatik, 3,4 milioi izango dira Arabako Lautadako zerbitzua garatzeko. Tren eta tranbietan hobekuntzak egiteko 44,4 milioi euroko partida izango du sailak, besteak beste Bilboko metropoli-trenaren etorkizuneko 5. linearako edo tranbia Gasteizko Zabalgana auzora zabaltzeko. Gainera, segurtasuna hobetu asmoz, seinaleztapena, komunikazioa eta trenbide-kontrola modu estandarizatuan egiteko lanketarekin aurrera egingo dute. Aldaketa horiek Hendaia-Usurbil trenbidean eta trenetan egingo dira lehenik, ondoren zabaltzen joateko. Garraioaren planifikaziora 19,5 milioi euro bideratuko dira, eta horietatik 9,1 milioi euro hobarientzat.