
Gaur ziren indarrean sartzekoak AEBk Mexikoren, Kanadaren eta Txinaren aurkako iragarritako neurriak, baina Mexikoren eta Kanadaren kasuan erabakia atzeratu du Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak.
Atzo, muga zergen iragarpenak lurrikara eragin zuen burtsetan. Dolarrak gorako bidea hartu zuen, eta kasik euroaren pare jarri zen. Kanadako dolarrak eta Mexikoko pesoak, aldiz, beherakada handia izan zuten, eta euroak ere behera egin zuen.
Muga zergak indarrean sartu aurretik, baina, Trump Mexikoko eta Kanadako agintariekin negoziatzen aritu da, eta neurria hilabete atzeratzea erabaki du. Trukean, Mexikoko gobernuak AEBrekin duen mugara 10.000 soldatu bidaliko ditu, herrialde batetik bestera droga trafikoa eragozteko.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin ere hitz egin du Trumpek, eta adostu dute Kanadak fentaniloaren trafikoa geldiarazteko baliabideak handituko dituela. Hala, Kanadan ere 10.000 bat langile arituko dira mugak "babesten".
Txinaren kasuan, berriz, %10eko muga zerga jada indarrean da. Xi Jinping-en gobernuak hainbat neurri hartuko ditu AEBren hasitako gerra komertzialari aurre egiteko, besteak beste, %15eko muga zerga ezarriko dizkie ikatzaren eta gas natural likidotuaren esportazioei eta %10ekoa petrolioarenei eta ibilgailuenei.