II. Mundu Gerraren testuinguruan Normandiako Lehorreratzea gertatu zen egunari 'D eguna' deritzo. Eta horri erreferentzia eginez, 'Ekonomiaren D eguna' izena jarri dio Donald Trumpek Iranen kontra martxan nahi duen horri. AEBko presidentearen hitzetan "inoiz abian jarritako gerra ekonomiko bortitzena" izango da, eta "aurrekaririk gabeko isolamendua" ekarriko dio Ekialde Hurbileko herrialdeari, baita Irani laguntzen dion edozein estaturi ere.
MAGA mugimenduaren sustatzaileak sareetan egindako iragarpenaren erreakzioak gaur bertan iritsi dira. Abbas Araqchi Irango Kanpo Harremanetarako ministerioaren hitzetan, AEBren erantzuna da egun bizitzen ari den "aurrekaririk gabeko krisiari". Are gehiago, Araqchiren iritziz, aurrera egiteak "porrot gehiago besterik ez" lioke ekarriko Washingtoni. Kazem Qaribabadi ministro ordeak gaineratu du "kalkulu erroreak" egiten ari direla etengabe. "Horrek eramaten ditu are porrot handiagora eramango dituen proposamen bat egitera. Lehenak, guda militarra izena jaso zuen; eta bigarren honek gerra ekonomikoa". Aipatzekoa da orain arte Iranen bazkide komertzial nagusienetakoa izan diren Arabiar Emirerri Batuek harremanak eten dituztela Teheranekin, azken honek ustez bi misil jaurti ostean herrialdeari. Iranek esan du ez dela izan.
Txinak, bere aldetik, arbuiatu egin du Trumpen proposamena. "Ez du lagunduko arazoa konpontzen", adierazi du prentsaurreko baten Lin Jian Kanpo Harremanetarako ministroak. Gainera, alde guztiei eskatu die "neurri arduratsuak hartzea", eta arazoari "irtenbide diplomatikoa" ematea.
Astelehenean amaitu zen bake-akordioak ezarritako negoziaziorako bi hilabeteko epea, eta orain ikusteke dago, hitzez harago, zein izan daitekeen herrialde batek edo besteak eman dezakeen hurrengo pausoa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta