Trumpen muga-zergen politikak kolpe galanta jaso berri du. AEBko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi ditu horietako asko, tartean elkarrekiko muga zerga izenez ezagunak, presidenteak horiek onartzeko baliatu zuen legea erabili ezin zuelakoan.
Muga zergekin aurrera egiteko oniritzia AEBko Kongresuak eman behar du. Aitzitik, 1977ko —Gerra Hotzeko garaiko— IEEPA Nazioarteko Larrialdietarako Botere Ekonomikoaren Legea oinarri hartu zuen Trumpek eskumena bere egiteko, ardura hori zuen organotik pasa gabe. Araudi horrek ahalbidetu diezaioke AEBko presidenteari inportazioak eta esportazioak erregulatzea larrialdi kasuetan, baina Auzitegi Gorenak esan duenaren arabera, lege horrek ez dio "baimenik ematen muga-zergak jartzeko". Aipatzekoa da denera sei legegilek egin dutela epaiaren alde —horietatik hiru kontserbadoreak izanik—, eta hiruk kontra.
Urtarrilean dagoeneko Trumpek esan zuen Auzitegiak muga-zergen kontra eginez gero "sekulako porrota" izango zela, eta herrialdea derrigortuko zuela "bilioika" euro itzuli behar izatera. Hala izango den edo ez ikusteke dago. Momentuz, jakina da 172.000 milioi euro inguru pagatu dituztela AEBko enpresek eta inportatzaileek muga zergetan azken urtean, eta 114.000 milioi izan direla arestian aipatutako legearen bitartez aplikaturiko zergenak.
Hala ere, Trumpentzat ez dira ate guztiak itxi oraindik, baina muga zergen politikekin aurrera jarraitu nahi badu, beste lege eta bide batzuk topatu beharko ditu horretarako. Bost aukera baliatu ditzake horretarako, baina denek ala denek, horiek aplikatzeko argudioak ez ezik, sakoneko ikerketak ere eskatzen dituzte aurrera egiteko. Alegia, ez dira berehalako tresnak.
Trumpen helburuetako bat da merkataritza defizitari amaiera jartzea, baina momentuz ez du helburua nahi zuen bezala lortu. Egunotan jakin denez, 2025ean inportazioen eta esportazioen arteko aldea %2,1 handitu zuen, bilioi bat euro ingururaino.