Tubos Reunidos enpresaren matrizeak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eskatu dio likidazio fasea irekitzeko. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago ekainetik eta inork ez du interesik adierazi bere akzioen inguruan. Gaur egun, zortzi pertsonak egiten dute lan TRSA jatorriko enpresan, eta bulego batzuk ditu Madrilen alokairuan. Arabako enpresaren administrazio kontseiluak CNMVri bidalitako testuaren arabera, TRSA saltzeko prozesuaren eboluzioak ezinezko bihurtu du hartzekodunekin akordioa lortzea.
“Salerosketa prozesuaren eboluzioa ikusita eta hartzekodunekin hitzarmenik lortu ezinda, Administrazio Kontseiluak, atzo, urriak 19, bilduta, Konkurtsoaren Administrazioarekin adostuta, Tubos Reunidos S.A.-ren likidazio fasea irekitzeko gaur eskatzea erabaki du”, idatzi dute CNMVri bidalitako testuan. Enpresak plantillari bidalitako barne mezu batean argitu dute erabaki honek ez duela eraginik egingo taldeko unitate produktiboetara. Zentzu horretan, unitate produktiboen salmentaren prozesua martxan dago. Tubos Reunidosek bost eskaintza hautatu ditu eta denetan, langile gutxiago izatea ekarriko luke. Horietatik, hirutan mantenduko lirateke Trapagarango eta Amurrioko lantegiak. Edozein kasutan, matrizea ez dago ekoizpen unitate horien barruan, beraz, salerosketa prozesuak aurrera jarraitu du.
Enpresak adierazi duenez, likidazioa Gasteizko auzitegi batek onartu beharko du hurrengo egunetan. Prozesuak denbora beharko du, eta ez du ekarriko sozietatea berehala ixtea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta