Tubos Reunidoseko konkurtso administratzaileak konpainiaren jarraipena bermatuko duen bazkide komertzial bat aurkitzearen aldeko apustua egin du, eta zuzendaritzak egin nahi zuen lan erregulazioa bertan behera uzteko asmoa azaldu du. Hala jakinarazi die gaur langileen ordezkariei eta zuzendaritzari goizean Amurrioko (Araba) plantan egindako bileran. Arratsaldean, 16:30etan, Trapagarangoan elkartuko dira.
Lan erregulazio espedientea bertan behera utzita, Amurrioko lantegian 900 langile mantenduko dira, eta udarara arte soldatak ziurtatuta dituztela jakinarazi du konkurtso administratzaileak. Izan ere, enpresaren kutxan likidezia dagoela ondorioztatu du, eta langileei eskatu die lan egiten jarraitzeko, enpresak indarrean dituen eskariei aurre egiteko.
Oier Bidaurrazaga Amurrioko langile batzordeko kidea pozik azaldu da bilera ostean. Bere hitzetan, enplegu espedientea indargabetzea “ezinbestekoa” zen. Era berean, greba eragin zuten zuzendaritzaren erabakiak baztertu egin ditu administratzaileak, altzairutegia ixtea, besteak beste.
Konkurtso administratzaileak uste du posible dela enpresaren etorkizuna bermatuko duen bazkidea topatzea, eta horretan jardungo du hurrengo hilabeteetan. Hein horretan, sindikatuak zuhur azaldu dira, jakitun baitira inbertitzaileren bat izatea gakoa dela langileek lanpostuei eusteko.
Inbertitzaileak erakartzeko asmo horretan, administratzaileak iritzi dio hobe dela konpainia bere osotasunean mantentzea, eta, beraz, Trapagarango eta Amurrioko fabrikak elkarrekin eskainiko ditu, baita altzairutegia ere.