• EKONOMIA
  • Turismoari prezioa jartzea: zer ekarriko du tasa berriak Euskal Herriko ekonomian?

Turismoari prezioa jartzea: zer ekarriko du tasa berriak Euskal Herriko ekonomian?

Diru bilketa areagotzeko tresna izango da ostatu hartzen dutenek gehiago ordaintzeko. Aldiz, sektorean izan dezakeen eraginarekin kezkatuta daude hainbat eragile

Donostiako Maria Cristina hotela | Argazkia: iStock
Donostiako Maria Cristina hotela | Argazkia: iStock
Helena Menayo
Kolaboratzailea
2026eko apirilaren 5a - 05:30

Araba, Bizkai edo Gipuzkoako ostatuetan gaua pasatzeagatik tasa turistikoa ordaindu beharko da 2027tik aurrera. Ostera, benetako galdera ez da zenbat pagatuko duten bisitariek, baizik eta nork hartuko duen kostua bere gain eta zer ondorio izango dituen neurriak turismoaren ekonomian.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Hiru lurraldeetako foru aldundiek tasa turistikoa ezartzea adostu dute: Gipuzkoak dagoeneko onartu zuen orain aste batzuk, eta atzo bertan Arabako Batzar Nagusiek oniritzia eman zioten neurriari. Pertsona eta gau bakoitzeko 0,5 eta 7,5 euro arteko tasa izango da, ostatu motaren arabera aldatuko dena (hotelak, apartamentu turistikoak, landetxeak edo kanpinak), eta gehienez bost gauez aplikatuko da. 2026ko otsailaren 5a baino lehen egindako erreserbak kanpo geratuko dira. Gipuzkoako Ogasuneko diputatu Itziar Agirrek azaldu duenez, berehala ordainduko den zerga da, eta ostatuek izango dute bilketaz eta autolikidazioaz arduratzeko betebeharra.

Neurriaren atzean testuinguru ekonomiko argia dago. Eustatek argitaratutako datuen arabera, turismo-gastuak 6.665 milioi euroko langa jo zuen EAEn 2024an, aurreko urtean baino %8,6 gehiago. 2019arekin erkatuta, hazkundea %31,1koa da. Turismoak BPGaren %6,8 ordezkatzen du gaur egun. Datu horiek sektorea hazten ari dela erakusten dute, eta administrazioek zergaren bidez ekarpen handiagoa eskatu nahi izatea azaltzen dute. Hala defendatu du neurria Javier Hurtado Turismo sailburuak: “Euskadira etortzen denak Euskadi mantentzen lagundu behar du”.

 

Eustatek argitaratutako datuen arabera, turismo-gastuak 6.665 milioi euroko langa jo zuen EAEn 2024an, aurreko urtean baino %8,6 gehiago. 2019arekin erkatuta, hazkundea %31,1koa da. Turismoak BPGaren %6,8 ordezkatzen du gaur egun

Neurriaren benetako pisua ulertzeko, kontuan hartu behar da Eustaten arabera Bilbok bakarrik 2024an 2,5 milioi gaualdi inguru erregistratu zituela. Donostian eta Gasteizen ere kopuruak igotzen ari dira. Horri tasa erantsiz gero, milioika euro biltzea aurreikusten da urtean, eta horrek erakusten du neurriak diru-bilketa ahalmen handia duela, zenbateko zehatza oraindik publikoki zehaztu ez den arren.

Merkatuak erabakiko du nork ordaintzen duen

Hala ere, planteamendu horrek errealitate ekonomiko konplexuago bat ezkutatzen du. Teorian, tasa turistikoa bezeroak ordaindu beharko lukeen kostua da, baina praktikan ez da automatikoki transferitzen: merkatuak erabakiko du nork ordaintzen duen. Eskaria oso zabala ez denean eta lehia handia dagoenean, establezimenduek beren marjinetatik xurgatu beharko dute, eta horrek zuzenean eragin dezake haien errentagarritasunean.

Hori bereziki agerikoa da landa-turismoaren kasuan. Nekatureko zuzendari Idoia Ezkurdiak azaldu duenez, sektoreko bezero gehienak Espainiar Estatutik etortzen diren familiak dira. Aurrekontu mugatuarekin bidaiatzen duten familiak dira beraz, eta prezioarekiko sentikorragoak. Hori dela eta, kostu gehigarri batek eragina izan dezake helmuga aukeratzerakoan. Ezkurdiak berak honela azaldu dio EnpresaBIDEAri: “Gure landa-ostatuetako bezeroen %75 Estatukoa da. Donostian, alderantziz, %80 atzerritarra da. Estatuko bezeroak familiak dira, atzerritarrarena baino ekonomia-maila baxuagoa duena. Alegia, gehiago pentsatzen dute diruan oporretara doazenean. Gure konpetentzia zuzena Nafarroako, Kantabriako eta Asturiaseko landa-ostatuak dira, eta kostu gehigarri bat izateak erabakian eragina izan dezake.” Ezkurdiak dioenez, tasa ez da neutroa: hiri handietan ia oharkabean pasa daiteke, baina landa-eremuetan bezeroak galtzeko arriskua sor dezake. Segur aski horregatik, landetxeetan tasarik baxuena aplikatuko da, 0,5 eta 1,25 euro artekoa pertsona eta gau bakoitzeko.

Tasa ez da neutroa: hiri handietan ia oharkabean pasa daiteke, baina landa-eremuetan bezeroak galtzeko arriskua sor dezake

Bestalde, Donostian turismoaren zati handi bat eguneko bisitariek osatzen dute, eta udal arduradunek beraiek aitortu dute profil hori dela kudeatzeko zailenetakoa; mugikortasunean, espazio publikoan eta bizikidetzan eragin zuzena duelako. Hala ere, bisitari horiek ere zerbitzu publikoak erabiltzen dituzte (garraioa, garbiketa edo segurtasuna), baina ez dute tasarik ordainduko. Horrek agerian uzten du neurriak ez duela presio handiena sortzen duen turismo zatia zergapetzen, baizik eta ostatuak erabiltzen dituztenak soilik.

Mahai gainean dagoen galdera da, beraz, prezio igoera hori bezeroak ala, neurri batean behintzat, ostalaritza sektoreak hartuko beharko duen bere gain. Ezkurdiaren arabera, printzipioz bezeroari dagokion kostua da, baina praktikan egoera konplexuagoa da: “Bezeroak kostua asumitu arren, jabeek eta ostatuek beste kostu bat ere asumitu beharko dute. Batetik, fakturazio aplikazioak egokitu beharko dira. Bestetik, denbora eskaini beharko zaio bezeroei tasa kobratzen dela azaltzeko. Eta denbora horrek kostu bat dauka”. Horri gehitzen zaio tasa biltzeko ardura ere ostatuen esku geratuko dela, eta horrek lan-karga administratiboa handituko duela.

Idoia Ezkurdia (Nekatur): “Bezeroak kostua asumitu arren, jabeek eta ostatuek beste kostu bat ere asumitu beharko dute. Batetik, fakturazio aplikazioak egokitu beharko dira. Bestetik, denbora eskaini beharko zaio bezeroei tasa kobratzen dela azaltzeko"

Foru arauek oraindik ibilbide politikoa egin behar dute, eta udalek ondoren beren ordenantzak egokitu beharko dituzte. Neurriaren diseinuak salbuespen batzuk jasotzen dituela ere aipatu behar da: 18 urtetik beherakoek, %65etik gorako desgaitasuna dutenek eta osasun arrazoiengatik bidaiatzen dutenek ez dute tasarik ordaindu beharko. Gainera, udalerri txikiek hobariak aplikatzeko aukera izango dute, eta handiek errekarguak ezarri ahal izango dituzte. Dena den, oraindik argitu gabe dagoen elementu nagusietako bat da bildutako diruaren erabilera. Diru-sarrerak udalen esku geratuko dira, baina ez dago legez lotuta turismoarekin zerikusia duten politiketara bideratzera. Izan ere, printzipioz, tasa turistikoaren helburua da turismoarekin lotutako azpiegiturak eta jarduerak babestu, garatu eta sustatzea, hala nola ondarearen kontserbazioa edo jasangarritasuna. 

Azken batean, oraindik goizegi da benetako eragina neurtzeko. Foru arauen behin betiko onarpena eta udalek hartuko dituzten erabakiak erabakigarriak izango dira. Horien araberakoa izango da tasaren benetako eraginkortasuna: turismoaren presioa kudeatzeko eta lurraldean itzulkin erreala sortzeko gaitasuna.