
EAEko apartamentu turistikoek 26.049 sarrera eta 71.692 ostatu gau erregistratu dituzte maiatzean, alegia, hurrenez hurren, iaz baino %30,9 eta %12,8 gehiago. Eustatek argitaratu ditu datu horiek, zeinak apartamentu turistiko gisa zenbatzen dituen “ustiapeneko enpresa unitate bakarrak bloke edo multzo gisa eskaintzen duen ostatu unitate bakoitza”. Hau da, ez dira kontuan hartzen erabilera turistikoko etxebizitzak.
Apartamentu turistikoan kasuan, atorri atzerritarreko bisitariei dagozkie sarrera guztien ia erdia (%48,3) eta gau guztien %47. Batez besteko egonaldiak behera egin du, ordea, 2,75 egunekoa izan baita (iaz 3,19koa izan zen). Araban, aldiz, egonaldiak askoz luzeagoak izan dira, hots, batez beste 11,28 egunekoak; Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren,1,90 eta 3,81 egunekoak izan dira egonaldiak.
Aterpetxe turistikoei dagozkien sarrerak ere igo egin dira (%7,4), baina ez apartamentu turistikoei dagozkienak bezain beste. Guztira, 51.379 ostatu gau zenbatu dira, gehiengoak Bizkaian (29.465). Batez besteko egonaldia ostatu mota hauetan laburragoa izan da, 1,66 egunekoa EAE osoan.
Bestalde, landa ostatuek 20.022 sarrera eta 43.191 ostatu gau izan dituzte, iaz baino %4,7 eta %8,2 gehiago, hurrenez hurren. Landa ostatuen sarrera guztien %38,0 izan ziren atzerritar jatorrikoak, baita ostatu gau guztien %34,4 ere. Ostatu mota horietako batez besteko egonaldia 2,16 egunekoa izan zen, eta, aurreko urtean, aldiz, 2,09koa.