
Muga zergek hauspotutako merkataritza gerraren baitan hainbat mugimendu jasotzen ari dira azken egunotan. Txinaren aurkako neurriak indartu ditu Mendebaldeak, eta horren adibide da AEBko posta zerbitzuak Txinatik eta Hong Kongetik datozen paketeak onartzeari utzi diola behin-behinean.
Orain arte 800 dolar baino gutxiagoko balioa zuten paketeak bidali zitezkeen muga zergarik eta bestelako kontrolik pasa gabe. Orain, ordea, zerga salbuespen hori eten du AEBk. Shein eta Temu arropa denda plataforma txinatarrei nabarmen eragingo die neurri horrek, izan ere, salbuespen hori erabiltzen zuten euren arropa prezioa merkeagoan saltzeko.
Europako Batasunak ere tankerako neurriak hartzea planteatzen ari da. 12 milioi pakete mugitzen dira egunero EBn, eta 22 euroko azpiko balio zuten salgaien 4.600 milioi pakete heldu ziren iaz kontinentera, horietatik %91 Txinatik zetozelarik.
Bada, Europako Batzordeak proposatu du 150 euro azpiko paketeentzako zerga salbuespena ezabatzea, pakete horien iritsiera oztopatzeko asmoz. Besteak beste, paketeen mugimenduak ingurumenean sortzen dituen kaltea da, Europako Batzordeak azaldu duenez, erabaki hori hartzeko arrazoietako bat.
Era berean, paketeen gainean tramitazio tasa bat ezartzea ere proposatu du Europako Batzordeak. Dena den, oraindik ez dute zehaztu tasa horren zenbatekoa eta bestelako baldintzak nolakoak izango liratekeen.