• EKONOMIA
  • Uberreko gidariei Bizkaiko bidaiarien garraio hitzarmena aplikatu behar zaiela dio epai batek

Uberreko gidariei Bizkaiko bidaiarien garraio hitzarmena aplikatu behar zaiela dio epai batek

Hitzarmen hori aplikatzeak 10.000 euroko soldata igoera ekarriko lieke langileei. Urtebete daramate greban, lan baldintzetan hobekuntzak eskatzen dituzte

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2025eko abenduaren 2a - 13:48

Uberreko gidariek bidaiarien errepideko garraioari lotutako Bizkaiko hitzarmenean araututako lan baldintza berak izan beharko dituzte aurrerantzean. ELA sindikatuak Bilboko lan-arloko epaitegi baten epaiaren berri eman du gaur. Bertan zehazten da Uber plataforma kudeatzen duten enpresek (Ares Capital eta Moove Cars) bidaiarien garraioaren hitzarmena aplikatu beharko dutela. Halaber, epai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia berresten du.

 

Uberreko langileek ia urtebete egin dute greban, lan baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzeko, eta ELAk demanda bat jarri zuen Ares Capital eta Moove Cars enpresen aurka, izan ere, bi konpainiok ez zuten Bizkaiko bidaiarien garraioaren hitzarmena aplikatu nahi, “kasu partikularra” zela argudiatuta.

ELAk azaldu du 70 demanda indibidual jarri dituela enpresen aurka. Bizkaiko hitzarmena aplikatuta, urtean 10.000 euro gehiagoko soldatak izango lituzteke langileek, sindikatuaren arabera. Lanaldia ere murriztuko litzateke, 1.720 ordura.

 

ELAk eskatu die enpresei "epaia aplikatzeko", eta aurrerantzean “lan baldintzak aipatutako hitzarmen probintzialaren bidez arautu daitezela”.