
Lehiari eta tokiko erakundeen jarduera ekonomikoari buruzko jardunaldia antolatu dute gaur Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) eta Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (MLBN), Eudel udalen elkartearekin batera.
Udalerriak eta lehia izeneko ekitaldian hizpide izan dute, besteak beste, LEAk egindako Toki-erakundeek jarduera ekonomikoan duten eragina izeneko txostena. Ainara Herce LEAko presidenteak aurkeztu du, eta azaldu duenez, txostenak helburu du udalei laguntza eskaintzea, jarduerak diseinatzen dituztenean kontuan izan ditzaten lehia-parametroak. Alegia, udalek lehiakortasunaren aurkako jarduerak ekiditea eta elkarlana sustatzea du asmoa.
Bestalde, partekatu dira EAEko udalek zerbitzu publikoen kudeaketan eta sustapen ekonomikoan izandako esperientzia eta jardunbide egokiak. Alde batetik, Ander Larrinaga Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendariak aurkeztu ditu zenbait kasu praktiko, eta, bestetik, hainbat herritako ordezkariek kasu zehatzak azaldu dituzte, hala nola: Getxoko mikroenpresei emandako laguntza edo Sopelako espazio publikoaren kudeaketa.
Jardunaldian izan dira, besteak beste, Nöel D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburua, Esther Apraiz Eudeleko elkarteburua eta Cani Fernandez MLBNko presidentea.