• EKONOMIA
  • Udan kontziliatzea: euskal familien erronka isila

Udan kontziliatzea: euskal familien erronka isila

Ikasturtea ekainean amaitzen da, baina langileen uda ez da luzatzen eta desfase horrek uda kontziliazioaren arazo nagusi bihurtzen du

Argazkia: Unsplash
Argazkia: Unsplash
2025eko uztailaren 18a - 05:30

Uztaila eta abuztuan zehar, familia askok sekulako malabarak egiten dituzte lana eta zaintza antolatzeko; azken momentuko udalekuak, aiton-amonen laguntza eta pantailak egun osoan. Eskolako errutinen etena, familia zama handiagoa eta udan zaintza aukera mugatuak bateratzeak zaildu egiten du kontziliazioa guraso askorentzat, bereziki amentzat.

 

Gaur egungo gizartean gero eta pisu gehiago duen gai bat da. Izan ere, pertsonek sarritan laneko betebeharrak eta bizitza pertsonaleko erantzukizunak orekatzeko zailtasunari aurre egin behar diote.

Zer da kontziliazioa? Bizitza pertsonala, familia eta lana bizitzako beste alderdi batzuekin (heziketa, zaintza, garapen pertsonala) bateratzea ahalbidetzen duten neurrien multzoa da. Oro har, ulertzen dugu seme-alabak dituztenei bakarrik eragiten diela, baina eragina du, halaber, adinekoak, gaixoak edo desgaitasuna dutenak zaintzen dituztenengan edo lanetik kanpo kalitatezko denbora izan nahi dutenengan. Norbanakoen, enpresen eta administrazio publikoen arteko ahalegina da, lan  eta gizarte inguruneak sortzeko, pertsonek lanaz haratagoko bizitza osoak izan ditzaten, bere garapen profesionalari kalterik egin gabe.

 

Udan arazoa larritu egiten da. EAEko okupatuen %28k lana eta txikien zaintza uztartzeko zailtasun handiak dituztela adierazi dute, eta %27,7k denbora pertsonala eta lana uztartzeko. Azken hiru urteetan, Jaurlaritzaren Ongizate Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko 92 enpresari (44 Bizkaian, 38 Gipuzkoan eta 11 Araban) lagundu die lana eta familia uztartzeko planak diseinatzen.

Sonia Etxenausia, Emun kooperatibako aholkularia, kontziliazio planetan aditua da. Erakunde eta langile bakoitzari gehien egokitzen zaion eskaintza egiteko, euren egoeraren diagnostiko bat egiten du Arrasateko kooperatibak: “Horretarako hainbat aldagai hartzen ditugu kontuan: sektoreko baldintzak, lanpostu mota, departamentua, adina, generoa, zaintza ardurak…”

EAEko okupatuen %28k lana eta txikien zaintza uztartzeko zailtasun handiak dituztela adierazi dute

Erakundeetan zentratuz hiru formula nagusi dituzte: batetik, ordaindu gabeko baimenak, bestetik, ordutegi aldakorra eta, azkenik, egutegi aldakorra. Formula horiek egokiak izan daitezke, betiere Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraitzeko aukera eskaintzen badute. Lan baldintza horiek urtea hasi aurretik antolatu beharko dira, eta langileen artean ere malgutasuna eskatzen du. Kontuan hartu beharra dago formula horiek ez dutela sektore guztietarako balio; zaintzen arloa, nekazaritza eta ostalaritza, esaterako. “Sektore hauetan formulak sistema publikoaren aldetik etorri beharko lirateke,” aipatu du ahokulariak.

Autonomoek ez dute askatasun gehiago

Langile autonomoek ere paradoxa bat bizi dute udako hilabeteetan. Teorian, nagusirik ez dutenez, malgutasun handiagoa izan beharko lukete. Praktikan, uda tentsio handieneko unea da: lanik egiten ez badute, ez dute kobratzen. Askok ezin dute gelditu, baina lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko bitartekorik ere ez dute.

Reddit plataformako autonomoen foro anonimo bateko erabiltzaile batek ondo deskribatzen du “deskonektatzeko” presioa: “Hirugarren urtean […] nahiko larritu nintzen lanean ez egoteagatik, eta hortik aurrera konturatu nintzen oporrez gozatzen ikasi behar nuela[…]. Hala ere, opor garaian nagoen denbora nabaritzen dut nire hileko diru-sarreretan”

Beste batek zera gehitu du: “Autonomoa nintzeneko lehenengo udan workcation egin nuen, eta ez errepikatzekoa izan zen[…] Interneterako datu gehiago erosi behar izan nituen […] eta lan egin”. Telelana, pandemia garaian irtenbide magiko gisa aurkeztu zena, udan tranpa bihurtzen da. Haurrak etxean geratzen diren bitartean emailari erantzuten edo bideo-deiak egiten saiatzea ez da bideragarria, estresa, errua eta nekea sortarazten du.

Kontziliazio desorekatua

Lana eta familia bateratzea familien erantzukizuna da, hein handi batean. “Udako kontziliazioak emakumeen osasunean eta soldatan duen eragin negatiboa gizonengan duen inpaktua baino handiagoa da”, dio Etxenausiak. Horrez gain, azpimarratu du udako zaintza lanak beste pertsona batzuengan jartzeko erabakia hartzen dugunean, kontuan izan behar dugula arloa feminizatuta dagoela eta bertako lan baldintzak merkatuko prekarioenetakoak direla.

Udako hilabeteetan zerbitzu publiko irisgarri, malgu eta nahikoen aldeko benetako apusturik ez dago, eta kontziliazioak gutxi batzuentzako pribilegioa izaten jarraituko du: “eskubide eta ardura kolektibo bat da. Gure erakundetik jasotzea nahi badugu maila berean eman beharko diogu eta alderantziz. Bizitzak daude jokoan eta bizitzak sostengatzeko ezinbestekoa diren baldintza guztiei begiratu behar zaie (lan karga, enpresaren jasangarritasuna, zaintza lanak, atsedena, genero berdintasuna, klase arrakala, adina…)”, nabarmen du Emuneko kideak.

Sonia Etxenausia (Emun): “Udako kontziliazioak emakumeen osasunean eta soldatan duen eragin negatiboa gizonengan duen inpaktua baino handiagoa da"

Udak Euskal Herrian egia deseroso bat uzten du agerian: hurbileko sarerik ez dutenentzat eskolarik gabeko aste bakoitza buruhauste logistiko eta ekonomikoa da. Autonomoentzat udako beroak ez dakar atsedenik, deskonektatzearen edo fakturatzen jarraitzearen arteko dilema etengabea baizik.

Datuek aurrerapen txikiak erakusten dituzte politika publikoetan, baina eguneroko konplexutasunari erantzutetik urrun daude oraindik. Erakundeen laguntzak ez dira beti iristen eta ekimen pribatuak, baliagarriak diren arren, partzialak dira oraindik.

Kontziliatzeak ez luke zorte kontua izan behar. Etxenausiak dioen bezala: “Politika publikoen, enpresen, komunitateen eta pertsonen jarduera, neurri, ekintza eta jarrerak bizitzaren zerbitzura jartzeko borondatean dago gakoa. Bizitzaren zerbitzura esaten dugunean guztion bizitzen zerbitzura, esan nahi dut. Ez gutxi batzuenetara soilik. Interdependenteak galera ulertu eta barneratu behar dugu eta erantzunkidetasunez jokatu”.