
Martxan da Udako Ikastaroen 44. edizioa. Aurten 152 ikastaro egingo dira, irailaren amaierara bitartean. Gauzak horrela, zenbait jardunaldi berri egingo dira datozen egunetan zehar. Honako hauek dira ekainaren 23tik 27ra bitartean antolatuko diren intereseko bi jardunaldi: lehena, jasangarritasunari buruzko Europako zuzentarau berriari buruzkoa; bigarrena, enpresa eredu berriek eragingo dituzten lan arrisku berriei buruzkoa.
Iraunkortasunari buruzko Europako Direktiba Berrira egokitzea: Adimen Artifizialak nola errazten duen ETE-ek araudia betetzea
Ikastaroa ostegunean egingo da, Miramar Jauregian (Donostia), goizeko 09:00etatik eguerdiko 14:00ak bitartean. Helburua honakoa da: enpresei laguntzea jasangarritasunari dagokion Europako zuzentarau berrira egokitzen, helburu izanik haien lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzea.
Izan ere, zuzentarau berrira egokitzeko beharrezkoa da plangintza, “bereziki, finantza zuzendaritzaren arloan”. Hala, programa hiru zatitan banatuko da: arauketa eta historia, kasu praktikoa eta adimen artifizialaren eragina.
Parte hartzaileek ez dute zertan profesionalak izan, publiko orokorrarentzat prestatu baita jardunaldia. Hori bai, gaztelania hutsean egingo da ikastaroa. Informazio gehiago hemen.
Enpresa eta gizarte eredu berria XXI. mendean: lan arriskuen prebentziorako erronka
Ostegunean hasi eta ostiralean amaituko da ikastaro hau, zeinak negozio eredu berriek eragindako lan arrisku berrietarako prebentzioa aztertuko duen. “Lan arriskuko faktore berriei aurre egiteko prestatuta egon behar du inguruneak, agertoki eta lan baldintza berriak egokitu ahala”, azaldu dute antolatzaileek.
Garai berriak direla eta, Adimen Artifiziala ere ez da atzean geratuko. AAren erabilerak enpresetan eragina izango du, eta lan arrisku berriak ere sortuko ditu. Horren gaineko hausnarketa egingo da ostiralean, baita AAk eskaintzen dituen aukera berrien gaineko eztabaida ere.
Jarduera hau ere publiko orokorrari zuzenduko zaio, Miramar Jauregian, eta gaztelaniaz. Informazio gehiago hemen.