
2024-2025 ikasturtean, unibertsitateko graduko kreditu bakoitzeko 19,29 euro ordaindu dira, batez beste, Nafarroan. Zifra baxuagoa izan da EAEren kasuan, kredituko 16,55 euro ordaindu baitira. Datuak unibertsitate publikoei dagozkie, eta Espainiako estatuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen ministerioak argitaratu ditu gaur bertan. Azpimarragarria da 2024-2025 ikasturtean Espainiako estatuko preziorik garestiena izan dela Nafarroakoa; EAEri seigarren eskualde garestienaren postua egokitu zaio.
Duela hamar urteko prezioekin alderatuta, hots, 2014-2015 ikasturtearen aldean, jaitsi egin da graduetako lehen matrikulako kreditu bakoitzeko prezioa EAEn, baina igo Nafarroan. Izan ere, ikasturte horretan kredituko 17,28 eta 19,58 euro ordaintzen ziren EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.
Gaitzen duten masterren kostuari dagokionez, 2024-2025 ikasturtean lehen matrikulan kredituko batez beste 20,24 euro ordaindu dira Nafarroan; EAEn, aldiz, 16,09 euro. Espainiako estatuaren aldean, berriro ere, Nafarroakoa da krediturik garestiena; EAE, ordea, hamargarren postuan kokatu da masterren kasuan. Gainerako masterren kasuan, kontrara, kredituaren kostua handiagoa izan da EAEn (32,66 euro) Nafarroan baino (28,03 euro).
Ikasketa eremuaren arabera
Nafarroan, gradurik garestienak jarraian dauden ikasketa-eremuetakoak izan dira: zerbitzuak, ingeniaritza, industria, eraikuntza, informatika, zientziak, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta albaitaritza. Batez beste, kredituko 21,38 euro ordaindu behar izan dira 2024-2025 ikasturtean. EAEn, zerbitzuen sektoreko graduetan ordaindu behar izan da gehien, hots, kreditu bakoitzeko 18,29 euro, batez beste.