
Busturialdea-Urdaibai eskualdeak 303,4 milioi euroko inbertsioa jasoko duela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) baitan. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak gogorarazi du Foru Aldundiarentzat lehentasuna dela lurralde kohesioa eta eskualdeen arteko oreka, eta gaineratu du EPE “Bizkaia lehiakorragoa, orekatuagoa eta kohesionatuagoa izan dadin hartu duten konpromisoaren erakusgarri” dela.
EPE planak hamahiru proiektu eragile jasotzen ditu, zeintzuek 78,4 milioi euro erabiliko dituzten 2030era bitartean. Horietatik 54,4 milioi jarriko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta gainerako 24 milioiak, aldiz, Eusko Jaurlaritzak. Baina 78,4 milioi horietaz haratago, bi erakundeen aurrekontu arruntetan esleitutako zenbatekoak gehitu behar dira: 225 milioi euro. Kasu horretan, 165 milioi izango dira foru-gobernuarenak, eta gainerako 60 milioiak Jaurlaritzarenak.
Arestian aipatutako hamahiru proiektuen berri eman du Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak. Proiektuek helburu dute “pertsonen bizi-kalitatea eraldatzea eta hobetzea”, eskualdeko bost erronka espezifikoei heltzen baitiete: mugikortasuna eta konektibitatea; etxebizitza eta gizarte-kohesioa; sustapen ekonomikoa eta prestakuntza; aktibo naturalen eta kulturalen balioa, eta eskualdeko gobernantza.
Mugikortasunari dagokionez, Autzagane-Muxika errepidea hobetuko da (11 milioi euro), Bermeoren eta Muxikaren arteko bidegorri-sarea handituko da (23,8 milioi euro) eta garraio publikoa hobetu eta trenak indartuko dira (3,2 milioi euro). Etxebizitzari zein gizarte zerbitzuei dagokien alorrean, talde kalteberei laguntza ematea eta tokiko enplegu-plana indartzea bultzatuko da (3,1 milioi euro), eta etxebizitza-sustapen publikoa indartuko da (milioi bat euro).
Sustapen ekonomikoa eta prestakuntzari dagokionez, LHa indartuko da Barrutialden eta Nautika Eskolan (3,4 milioi euro), Muxikako eskualde-industrialderako sarbideak hobetuko dira (14 milioi euro), Inamaren partzela berregokituko da (3,8 milioi euro), oinarri teknologikoko industria-proiektu berriei laguntza emango zaie (2,5 milioi euro) eta Bermeoko portua eraldatzea eta ekonomia urdina bultzatzea sustatuko da (2,5 milioi euro). Aktibo naturalen zein kulturaren balioa atalean, jarduketak egingo dira Santimamiñen, Foruan, Kantera Gorrian eta euskal emigrazioaren interpretazio-zentro berrian (6,4 milioi euro); bestalde, Gernikako Merkatu plaza berriztatuko da (3,5 milioi euro). Azkenik, eskualdeko gobernantzari dagokionez ekonomia garatzeko eskualde agentzia sortzea aurreikusi dute.
Proiektu estrategiko osagarriak
Beste jarduketa estrategiko batzuk ere aurreikusten dira, aurrez aipatutako proiektu eragileez gain, dagoeneko esleituta dauden aurrekontu arruntetatik ateratako 303,4 milioi eurorekin finantzatutakoak.
Honakoak dira: trenbidea modernizatzea (18 milioi euro), Muxikako eskualde-industrialde berria (12 milioi euro), Inamaren partzela berregokitzea (6 milioi), Bermeoko portua eraldatzea (3 milioi), uraren saneamendu sistema hobetzea (24 milioi), hornidura sistema hobetzea (56 milioi), Sollubeko errepidea hobetzea (66 milioi), eta biosfera erreserbako ingurumena lehengoratzeko jarduketak (40 milioi).