Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) %0,2ko igoera izan du azaroan Hego Euskal Herrian, urrian izan ziren prezioekin alderatuta. Urtebetean gorakada %3,0koa izan da Nafarroan, eta EAEn, aldiz, zertxobait handiagoa, %3,2koa. Era berean, 2025eko lehen hamaika hilabeteak hartzen badira kontuan, %2,4 garestitu dira prezioak Nafarroan eta %2,6 EAEn. Datu horiek gaur argitaratu ditu INE estatistika erakundeak.
Sektoreka erreparatuta, ikus daiteke gehien garestitu diren prezioak EAEren kasuan jatetxe eta hotelenak izan direla, urte arteko %5,4ko igoerarekin; etxebizitza, gasa, ura, elektrizitatea eta bestelako erregaiak sektoreak ere %5,2ko garestitzea pairatu du. Kontrara, prezioak merkatu diren sektore bakarra arropa eta oinetakoena izan da, %0,9 beherakadarekin.
Nafarroaren kasuan, gehien garestitu diren produktuak tabakoa eta alkohola izan dira, iazko epe berean baino %5,1 altuagoak izan baitira prezioak. Jatetxe eta hotelak ere %5,0 garestitu dira, eta etxebizitza eta bestelako erregaien sektoreak %4,7ko gorakada izan du. EAEn ez bezala, prezioak sektore guztietan egin dute gora Nafarroan, baina hala ere, arropa eta oinetakoak izan dira gutxien garestitu direnak, urte arteko %0,5eko hazkundearekin.