Urtarrilean baino 109 enpresa gehiago zenbatu dira EAEn urteko bigarren hilabetean, guztira 57.324 konpainia izanik. Confebaskek hilero argitaratzen dituen datuak dira horiek, zeintzuen arabera %0,1eko gorakada izan den urte artean, “otsailean igo ohi denaren ildotik”. Urtarrilean ere gora egin zuen enpresen kopuruak, beraz, bi hilabetez jarraian izan da gorakada.
Era berean, oraindik ere ez da errekuperatu pandemia hasi zen garaian zeuden enpresen kopurua: gaur egun 1.569 konpainia gutxiago daude, une hartan baino %2,7 gutxiago.
Autonomoei dagokienez, “otsail batean erregistratu den daturik onena” lortu da aurten, 330 pertsona gehiagorekin; hala, 165.783 autonomo izan dira guztira otsailean, nahiz eta aurreko urtean baino %0,2 gutxiago izan. Hala ere, pandemia hasi zenean baina 4.462 autonomo gutxiago daude erkidegoan (-%2,6).
Azkenik, konkurtso egoeran dauden enpresen zenbatekoak ere eman ditu aditzera Confebaskek: 2025. urte amaieran 295 enpresa zeuden konkurtsoan, 2024an baino %2,1 gehiago. Sektoreka, industriak izan zuen hazkunderik nabarmenena, urte arteko %11,7ko gorakadarekin; zerbitzuen sektorean ere %4ko hazkundea izan zen, eta eraikuntzan, aldiz, konkurtso gutxiago zenbatu ziren.