• EKONOMIA
  • Usue Mori da 5. Gladys Sarien irabazlea

Usue Mori da 5. Gladys Sarien irabazlea

Epaimahaiak nabarmendu du Morik adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartu duela

Usue Mori EHUko irakasle agregatua | Argazkia: Puntu.eus
Usue Mori EHUko irakasle agregatua | Argazkia: Puntu.eus
2025eko irailaren 16a - 09:25

Usue Mori Carrascalek irabazi du 5. Gladys Saria. Irabazle donostiarra EHUko irakasle agregatua da Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta matematikan lizentziaduna da. Epaimahaiak adierazi duenez Usue Morik ibilbide zientifiko “sendoa” du, eta hark egindako lanari “etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten zaio”.

 

Izan ere, adimen artifiziala sakon landu du Morik, eta lan horretan lehenetsi egin du AA “gizartearen onurarako tresna gisa erabiltzea eta haren transferentzia”; horretarako, epaimahaiak goraipatu du Morik elkarlana bultzatu izana zenbait ikerketa taldeetako kide eta profesionalekin. “Haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela”, azpimarratu dute.

Puntu.eus Fundazioa eta EHUko Informatika Fakultatea dira Gladys Sarien antolatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EITB eta EHUko berdintasun-zuzendaritzaren laguntzarekin. Sarien helburua “ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak” saritzea da, eta, hala, gazteentzat erreferenteak sortzea, Gladys del Estal informatikaria gogoratzeaz gain.