Mahastizaintzak Arabako Errioxan duen rola garrantzitsua dela ezin uka liteke. Sektoreak pisu handia du lurraldeko ekonomian, eta hortaz, ezinbestekoa da merkatuan oreka mantentzea. Hori du helburu, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen uzta berderako dirulaguntzak.
Mahastizainei bideratutako laguntza ekonomiko horrek nekazariei ahalbidetzen die lursailetako zenbait mahats-mordo suntsitzea, mahats horiek heldu baino lehen. Ekoizpena deuseztatzeak kontraesankorra badirudi ere, beharrezkoa izaten da, etorkizunean gehiegizko ekoizpena izan ez dadin; izan ere, hori egiten ez bada prezioak nabarmen beheratu daitezke, galerak ekar ditzake nekazarientzat, eta sektorean ezegonkortasuna sor daiteke.
Aurten, ordea, dirulaguntzek ez dute horrenbesteko "arrakasta" izan: iaz 1.340 hektarea biltzen zituzten 415 eskaera jaso ziren, eta aurten, ordea, 690 hektarea hartzen dituzten 166 eskaera besterik ez; beste modu batera esanda, aurreko kanpainan baino %60 eskaera gutxiago egin dira. Hala, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak uste baino eskakizun gutxiago izan dira 2025eko kanpainan, orotara 900 eta 1.000 hektareako azalerara heltzea aurreikusten baitzuen.
Jaurlaritzak dioenez, datuok “kanpainak izan duen bilakaera eta sektoreak gaur egungo testuinguruan izan duen erantzuna islatzen du”. Izan ere, datuek isla dezakete mahastizainek uste dutela aurten modu hobean salduko dutela euren ekoizpena, eta ez dutelako beharrik ikusten produkzioa horrenbeste murrizteko.
Orain, Amaia Barredo buru duen sailak jasotako eskaerak aztertuko ditu, eta ebaluazio fasea osatu ondoren, baimendutako lur-zatiak ezagutaraziko ditu. Ustiategiek 2026ko uztailaren 15a baino lehen jaso beharko dute uzta berdea.