Vicinayko Sestaoko lantegian zuzendaritzak egin nahi dituen hirurogei kaleratzeez eta proposatutako erregulazio espedienteaz negoziatzeko kontsulta epea astelehenean hasiko da. Langileak Eusko Legebiltzarrean egon dira gaur beraien egoeraren berri emateko. Enpresa batzordeak egoera salatu du, eta adierazi dute egoeraren ondorioak "langileek ordaindu behar izatea" ez dela bidezkoa.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EH Bilduk Vicinay enpresaren etorkizunari buruzko galdera egin dio Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuari. Bertan adierazi du "bere esku dagoen guztia" egingo duela Vicinayko langileen kaleratzeak %20 baino gehiago izan ez daitezen". Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euro bideratu dituela ECN All Wind proiektura, eta 8,7 milioi euro osagarri jarri dituela Ekarpenen bidez, auzia konpontzen saiatzeko.
Bestalde, negozioa zabaltzeko estrategia ari da garatzen ECN All Wind. Besteak beste, lantegi bat eraiki nahi du Araban, 100 milioi euroko inbertsio batekin eta ehun lanpostu sortuta. "Testuinguru horretan, erregulazio txostenak kaltetutako langileak birkokatzeko aukerak bilatu beharko lirateke", adierazi du Jauregik.
Enpresa batzordeak Jauregiren hitzak kritikatu ditu. LABek esan du: "Hirurogei kaleratze iragarri direnean, langileak eskualdetik kanpo birkokatzeaz eta lanpostu horiek galtzea ontzat ematea da Jaurlaritzaren erantzuna". Enpresa batzordeak astelehenerako bi orduko lanuztea egitera deitu die beharginei.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta