• EKONOMIA
  • Von der Leyenek proposatu du EB eta Israelen arteko merkataritza akordioa partzialki etetea

Von der Leyenek proposatu du EB eta Israelen arteko merkataritza akordioa partzialki etetea

EBko hainbat estatuk lehenagotik eskatutako neurria da. Europako Batzordeko presidenteak adierazi du "zaila" izango dela neurria aurrera ateratzeko gehiengoa lortzea

Von der Leyen Europako Parlamentuan, pasa den uztailean | Argazkia: Europako Parlamentua
Von der Leyen Europako Parlamentuan, pasa den uztailean | Argazkia: Europako Parlamentua
2025eko irailaren 10a - 12:28

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du Israelekin duen merkataritza akordioa partzialki bertan behera uztea proposatuko duela. Gaur goizean Europako parlamentuan eman du erabakiaren berri, eta adierazi du bere esku dagoen guztia egingo duela Israeli egin beharreko ordainketak eteteko, betiere herrialdeko gizarte zibilari kalte egin gabe.

 

Parlamentuko kide erdiak, ezkerreko alderdietako kideak Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko gorriz jantzita zirela eman du erabakiaren berri von der Leyenek. Gaineratu du “muturreko ministro eta kolono oldarkorrentzat” zigorrak proposatuko dituela.

Adierazpen horiekin norabide aldaketa esanguratsua eman du Europako Batzordeko presidenteak, izan ere, orain arte ez du Israelen aurkako neurri sonaturik hartu. Bere hitzetan, Israelek Gazan egindako azken erasoak “onartezinak" dira. “Gazan gertatzen ari denak munduaren kontzientzia astindu du. Gizakiak eragindako gosetea ezin da inoiz gerra-arma bat izan”, adierazi du X sarean.

 

"Europak gehiago egin” behar duela esan du Von der Leyenek hemizikloan. "Badakit gehiengoak lortzea zaila izango dela, eta badakit edozein neurri gehiegizkoa izango dela batzuentzat”. Europako komisarioek jada onartu zuten Europako Batasunaren eta Israelen merkataritza-akordioa eteteko neurria, baina, gainerako neurriak bezala, Europako parlamentuaren gehiengo kualifikatua beharko da neurria ezarri ahal izateko, eta Europako bazkideen arteko zatiketak ez du erraztuko.

Europako Batasuna Israelen bazkide komertzial nagusia da, eta akordioa bertan behera uzteak — hainbat estatu kidek eskatu zuten, tartean Espainiak — ez luke salgaien elkartrukea eragotziko, baina lehentasunezko aduana-eskubideak baliogabetuko lituzke.