Orain urte batzuetatik, Wrexham AFCko partida bakoitzak bi bizitza ditu. Lehenengoa 90 minutuz jokatzen da, belar gainean eta puntuak eman, pozak eragin edo igoera zailtzen duen emaitza batekin amaitzen da. Bigarrena ondoren dator, muntaketa-gela batean, harmailetako begirada urduri bat, aldagelako elkarrizketa bat, jabea azazkalak jaten edo zale baten malkoak telebistako eszena bihurtzen direnean. Wrexhamen lehen bizitzak sailkapena erabakitzen du. Bigarrenak, ziurrenik, betiko aldatu du klubaren dimentsioa. Lau urtean, 1,48 milioi libra fakturatzen zituen kirol erakunde bat 33 milioi baino gehiago jasotzera igaro da. Eta, nola izan den ulertzeko, agian apur bat gehiago begiratu behar da gidoilariaren arbela entrenatzailearena baino.
Ryan Reynolds eta Rob Mac aktore, zuzendari eta ekoizleek Wrexham AFC erosi zutenean 2021eko otsailean, ez zuten zehazki Europako eliteko futbolaren harribitxi bat eskuratu. 1864an sortutako kluba erosi zuten, hiriak maite zuen ehun urte baino gehiagoko estadioa zuena, gizonezkoen lehen taldea National Leaguen harrapatuta zeukana, Ingalaterrako futbolaren bosgarren mailan, profesionalismotik urrun. Jabe berrien hasierako inbertsioa bi milioi libra izan ziren. Famatuak ziren, dirua zuten eta futbolean inbertitu duten beste enpresaburu askoren moduan aurre egin ziezaioketen erosketa hari: kapitala jarri, jokalariak fitxatu, igoera lortzen saiatu eta garaipenek aktiboaren balioa biderkatuko zutela espero. Baina bi erosle hauek Hollywoodetik zetozen. Eta Hollywooden, bitxia bada ere, futbolak ustiatzen jakin ez duen gauza bat dakite: publiko batek produktu batengatik ordaintzeko, askotan produktu horren atzean dagoen istorioa egin behar zaiela erakargarri.
Kluba ona zen; historia, are hobea
Welcome to Wrexham 2022an estreinatu zen, telebistarako berariaz idatzia zirudien premisa batekin: futbol kluben zuzendaritzan esperientziarik ez duten bi aktore iparramerikarrek Gales iparraldeko talde ezezagun bat erosi eta berriro futbol profesionalera eramaten saiatuko dira. Aitzitik, seriearen arrakasta handiena izan da Reynolds eta Mac hasierako atea baino ez zirela azkar ulertzea. Benetako protagonista Wrexham izan behar zen. Hiria, taberna, estadioa, langileak, zaleak, fitxaketa berriak, alde egiten zuten jokalariak, euren arbasoengandik kluba heredatu zuten familiak...
Honek kontu narratibo hutsa dirudi, baina enpresa ikuspegitik dena aldatzen du. Klub gehienek edukia sortzen dute beren zaleentzat: entrenamendu bat erakusten dute, elkarrizketa bat argitaratzen dute, kamera batekin aldagelan sartzen dira eta sare sozialak elikatzen saiatzen dira. Wrexhamek prozesuan inbertitu du. Edukia erabili zuen zale berriak sortzeko. Lehenik eta behin, Kaliforniako, New Yorkeko edo Torontoko norbaitek jabe bat, aurrelari bat, pub bateko gerentea edo Wrexhameko familia bat ezagutzea lortu zuen. Ondoren, ikusle horrek larunbateko partidan zer gertatu zen jakin nahi izatea lortu zuen. Eta amaieran, ia konturatu gabe, pertsona hori ziurrenik hilabete batzuk lehenago mapa batean kokatzen jakingo ez zuen Galesko klub baten egunerokoa jarraitzen hasi zen.
Serieak ez zuen soilik futbol talde bat nazioartekotu, baita tokiko emozio bat ere, hura desnaturalizatzen saiatu gabe
Hemen dago, nire ustez, kasu honen lehen ikasgai handia. Serieak ez zuen soilik futbol talde bat nazioartekotu: tokiko emozio bat nazioartekotu zuen. Eta hori lortu zuen desnaturalizatzen saiatu gabe. Ez zuen Wrexham Hollywood bihurtu; Hollywood Wrexhamera eraman zuen eta euriari, tabernei, galestar azentuari, Racecourse Ground zaharrari eta klub apal baten frustrazioei utzi zien gainerakoa egiten. Marka askok dirutza gastatzen duten garai honetan itxura autentikoa izateko ahaleginean, Reynoldsek eta Macek askoz zailagoa den zerbait erosi zuten: benetako autentikotasuna.
Disney+k ez dio ordaintzen klubari, eta hemen dago grazia
Bada datu bereziki adierazgarri bat, ereduak dirudiena baino sofistikatuagoa dela azaltzen baitu. Wrexham AFCk ez du zuzenean jasotzen Welcome to Wrexham seriaren dirua. Dokumentala ez da Disneyk klubaren kontuetara egiten duen urteko transferentzia bat. Bere funtzioa beste bat da: Wrexham mundu mailako erakusleiho bihurtzea eta klubak berak serieak ahalbidetutako esposizio hori monetizatzea ondoren. Beste era batera esanda, seriea ez da kutxa erregistratzailea; dendaren aurrean eraiki duten kale komertzial osoa da.
Zenbakiek aldaketaren dimenstioa ikustea ahalbidetzen dute. 2020-21 denboraldian, Reynoldsek eta Macek kontrola hartu zutenean, Wrexhamek 1,48 milioi libra fakturatu zituen. 2024-25 ekitaldia jada 33,3 milioi librarekin itxi zuten. Horietatik, 17,3 milioi babesletzatik eta publizitatetik bakarrik zetozen, bost milioi baino gehiago txikizkako salmentatik eta ia sei milioi partida egunetako jardueretatik. Are harrigarriagoa da diru-sarreren mapa aztertzea: 19,2 milioi libra Erresuma Batutik kanpo sortu ziren, Erresuma Batuko merkatuko 13,5 milioien aldean. Duela lau urte Ingalaterrako bosgarren mailan lehiatzen zen klub batek atzerrian etxean baino gehiago fakturatzen du orain.

Horrela ulertzen da kamisetan United Airlines, HP edo Meta Quest bezalako markak agertzea. Ez dituzte Wrexhameko harmailetan kabitzen diren ikusleak soilik babesten. Nazioartean hedatutako istorio bat babesten dute. Hau da, ziurrenik, proiektuak futbolaren negozioari egiten dion ekarpen interesgarrienetako bat: klub baten balio komertziala, neurri batean, bere estadioaren tamainatik, hiriaren biztanleriatik eta jokatzen duen kategoriatik bereiztea. Hamarkadetan zehar, futbol talde globala izateko ligak irabazi, Txapeldunen Liga jokatu edo munduko izarrak fitxatu behar ziren. Wrexhamek, berriz, ezusteko lasterbide bat aurkitu du: mundura irits zaitezke, baita ere, munduak hurrengo asteko partidan zer egingo duzun jakin nahi badu.
Galtzea negozioaren parte denean
Futbola, gainera, ziurrenik egun dagoen ikus-entzunezko generorik onenetakoa da, inork ez baitaki istorioaren amaiera. Gidoilari batek pertsonaia bat hil edo salba dezake trama beharren arabera. Reynoldsek eta Macek milioiak inbertitu ditzakete, baina ezin dute erabaki baloi bat 94. minutuan sartuko den ala ez. Ustekabekotasun horrek bere argumentua guztiz kontrolatzen ez duen edukiez betetako ikuskizun bihurtzen du seriea. Eta, paradoxikoki, horrek egiten du produktua sinesgarri.
Klubarentzat, porrota hondamendi bat da kirol esparruan. Serie baterako, ordea, hurrengo kapitulu bikaina izan daiteke porrot hori. Igoera lortzeko lehen saiakera zapuztuak ez zuen Welcome to Wrexham suntsitu: bigarren denboraldi bat eman zion. Lesioek, kanporaketek, akatsek eta angustiak pertsonaiak eraiki zituzten. Hau alde handia da klubek egiten duten marketin tradizionalarekin alderatuta, normalean beren buruaren bertsio akasgabea aurkeztearekin itsututa baitaude. Wrexhamek onartu du arrakalak erakusteak haiek estaltzea baino balio handiagoa izan dezakeela. Izan ere, garaipenek miresmena sortzen dute, baina zailtasun edo porrotek identifikazioa.
Futbolaren aurreikusezintasunak bere argumentua guztiz kontrolatzen ez duen ikuskizun bihurtzen du 'Welcome to Wrexham'
Eta gero, ia errealitateak gidoilariekin kolaboratzea erabaki izan balu bezala, klubaren igoerak iritsi ziren: League Twora (Ingalaterrako 4.maila) 2023an, League Onera (3.maila) 2024an eta Championshipera (2.maila) 2025ean. Hiru igoera jarraian. Kirol arrakasta bakoitzak produktua hobetzen zuen aldi berean: aurkari garrantzitsuagoak, futbolari garestiagoak, oihartzun handiagoa, ikusle gehiago, babesle gehiago eta hurrengo denboraldirako helburu berri bat. Dokumentalak klubaren balio komertziala handitzen zuen, eta balio horri esker, taldean gehiago inbertitu zitekeen; kirol erredimendu hobeak kapitulu berriak sortzen zituen; kapitulu berriek ikusle gehiago erakartzen zituzten. Gurpil bikaina zen, non zaila baitzen zehaztea non amaitzen zen kluba eta non hasten zen ekoiztetxea.
Fantasiak ere badu kontabilitatea
Tentagarria litzateke hemen amaitzea eta Wrexham enpresa istorio perfektu horietako bat bezala azaltzea. Bi aktoreek klub txiki bat erosten dute, Disneyk abentura kontatzen du, babesleak ilaran jartzen dira, kamisetek Estatu Batuetara bidaiatzen dute eta denek irabazten dute dirua. Baina errealitatea ez da hain garbia, eta horregatik da, hain zuzen ere, interesgarriagoa.
Wrexham oraindik ez da irabazi-makina handi bat. 2024-25 denboraldiko 33,3 milioi euroko fakturazioa erakusten duten kontu berberek ia 14,9 milioiko galera operatiboak eta ia 20 milioiko soldata masa ezkutatzen dituzte. Igotzeak dirua balio du. Azpiegiturak eraikitzeak dirua balio du. Bosgarren mailako klub izatetik gero eta handiagoak diren anbizioak dituen kirol proiektu izatera igarotzeak kapitala xahutzea eskatzen du, eskala noraino iritsiko den jakin aurretik. Reynoldsek eta Macek ez dute dena marjina den negozio bat asmatu; zerbait desberdina eta, ziurrenik, zailagoa lortu dute: eraldaketa honen ondorioz, bere geografiak eta kategoriak mugatuko zukeen klub baten diru-sarreren sabaia ezohiko moduan haztea.

Horrek ere aukera ematen du Reynolds eta Bob Macen erosketa eredua eta beste aberats askorena bereizteko. Dirua, futbolean, asko dago. Jabe aberatsak ere bai. Wrexhamen berezitasuna da hazkundearen zati handi bat ez dela eraiki soilik kapital gehiago zelai gainean jarriz, baizik eta soropilean bertan gertatzen denarekin interesatutako pertsonen kopurua biderkatuz. Alde txikia baina erabakigarria da. Aurrelari izar bat eros dezakezu eta golak lortu. Erdilari bikain bat fitxatu dezakezu eta jokoa hobetu. Wrexhamek kontakizunean inbertitu zuen eta merkatua lortu.
Ekoiztetxe mozorrotutako kluba
Horregatik, iruditzen zait Wrexham "Ryan Reynoldsen kluba" gisa izendatzea istorioaren zati ez hain interesgarriarekin geratzea dela. Fenomenoa sakonagoa da. Reynoldsek eta Macek erakutsi dute klub apal batek jabetza intelektual global gisa joka daitekeela bere pertsonaiak identifikatzeko gai bada, bere benetakotasuna zaintzeko, narrazio jarraitu bat eraikitzeko eta kontaketa hori behar bezala banatzeko. Kirol erakunde bat telesail bihurtu dute, kirol erakunde izateari utzi gabe.
Europako futbolak urteak daramatza klubek entretenimendu enpresa bihurtu behar dutela esanez. TikTok kontuak ireki, aldageletako txantxak grabatu edo community manager gehiago kontratatu dira azken urteeta. Wrexhamek askoz irakurketa indartsuagoa proposatzen du: entretenitzea ez da gehiago argitaratzea, istorioak hobeto azaltzea baizik. Ikusle batek narraziora itzultzeko gogoa izatea lortzea da. Hiria agertoki bihurtzea da, zale bat pertsonaia bilakatzea eta larunbateko partida galdu nahi ez duzun kapitulua izatea.
Wrexhamek irakurketa askoz indartsuagoa du: entretenitzea ez da gehiago argitaratzea, istorioa hobeto azaltzea baizik
Eta agian hori da istorio honen ironia handiena. Hamarkadetan zehar, Wrexham mailaz igotzen saiatu zen jende gehiagok begira zezan nahi zuelako. Reynoldsek eta Macek jende gehiagok begira zezan lortu zuten eta, neurri batean, horrek mailaz igotzen lagundu dio.
Futbolean, emaitzek azkar galtzen dute balioa. Hurrengo igandeko partida ate joka dator, aurreko asteko heroikotasuna larrialdi berri batekin ordezkatzeko prest. Istorio onek askoz bizitza luzeagoa dute. Wrexhamek hiru igoera lortu ditu zelaian, baina bere promoziorik garrantzitsuena agian ez da sailkapen bakar batean ere agertzen: ahanzturan zegoen talde bat izatetik milioika pertsonek jarraitzen duten klub bihurtzera igaro da.
Lehen partida 90 minutuz luzatzen da. Bigarrena, istorioa behar bezain ona bada, baliteke inoiz ez amaitzea.
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta