Gipuzkoako Foru Aldundiak Agentzia izeneko proiektua eman du ezagutzera gaur. Azaldu dutenez, gizarte-politikak diseinatzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko modua guztiz aldatuko duen egitasmo aitzindaria da, “zainketa eta gizarte politiken ebaluazioan espezializatutako Europako lehen agentzia”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako eta Eibarko udalek sustatuta, “pertsonen bizi kalitatea hobetzea” izango du helburu. Donostiako Tabakaleran egin den ekitaldiaren hasieran, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, adierazi du “gizarte politiken arloan dugun erronka handienari heltzeko ezinbesteko tresna” izango dela.
“Zalantzarik gabe, Agentziarekin urrats erabakigarria ematen dugu gizarte politiken jasangarritasunean. Gure helburua etengabeko hobekuntza aplikatzea da, eta tresna berri honekin, ebaluazioan aurrera egiten dugu, erabaki estrategikoak oinarri objektiboetatik orientatzeko, eta ez pertzepzioetan soilik”, nabarmendu du.
Zaintza eredua eraldatzearen garrantzia izan dute hizpide gaurko aurkezpen ekitaldian, etorkizunera begirako erronka sozial eta demografikoei erantzuteko. Gauzak horrela, helburua da “sistema pertsonalizatuago, prebentiboago eta komunitarioago baterantz aurrera egitea”.
Hartara, Agentziak hiru funtzio nagusi izango dituela zehaztu dute: “informazioa emateko ebaluatzea, zerbitzuen kalitateari buruzko informazio objektiboa, zorrotza eta independentea emanez; hobetzeko ebaluatzea, profesionalei, erakundeei eta administrazioei etengabeko berrikuntza-prozesu batean lagunduz; eta erabakitzeko ebaluatzea, gizarte-politikak eraginkortasun, gardentasun eta eragin handiagoarekin planifikatzen eta orientatzen lagunduko duen ebidentzia emanez”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta