Beterri-Buruntza Mankomunitateak eta Maitelan kooperatibak lankidetza hitzarmena sinatu zuten orain sei hilabete, Gipuzkoako eskualdean zaintza-profesionalentzako lurralde sare bat aktibatzeko asmoz. 40.000 euroko zuzkidura izan zuen akordioak lehen emaitzak eman ditu, eta Beterri-Buruntza Mankomunitateak jakinarazi duenez, Maitelanek sustatutako laguntza eta aholkularitza zerbitzua martxan da dagoeneko. Urteko lehen seihilekoan 29 kasu indibidual artatu dituzte, batez ere lan-eskubideekin, atzerritartasunarekin eta enplegurako sarbidearekin lotutakoak.
Hitzarmenari esker, zaintza-langileentzako laguntza eta sozializazio komunitariorako espazioak ere sendotu dituzte. Azarotik hona 17 topaketa antolatu dituzte Beterri-Buruntzako udalerrietan, eta guztira ehun parte-hartzetik gora izan dira.
Hernanik eta Usurbilek hilean behin elkartzen diren talde egonkorrak dituzte, eta Lasarte-Orian maiztasuna hilean bi aldiz izatera irits liteke, Mankomunitatearen arabera. Andoainen taldea martxan jartzen hasi dira, eta Urnieta eta Astigarragako udalekin elkarrizketak egiten ari dira lurraldeko azken bi taldeak aktibatzeko.
Era berean, proiektuak laneratze eta orientazio gaitasuna indartu duela jakinarazi dute, gizarte eta prestakuntza arloko hainbat erakunderekin elkarlanean: Lanbide, Gureak, KL Katealegaia, SOS Arrazakeria, Cáritas, EDE Fundazioa, Hegoaldetik Enarak, Erroak Sartu, Emagin eta Teila Fabrika erakundeekin, besteak beste.