Azken hilabeteetan, Gipuzkoako adinekoen egoitzak gatazka laboral luze eta esanguratsu baten erdigune bihurtu dira. Zaintza-lanetan aritzen diren langileek greba eta mobilizazio ugari egin dituzte lan-baldintzak hobetzeko. Grebak agerian utzi ditu sektoreak jasaten dituen prekaritatea eta azpikontratazioaren eraginezko egoera eskasa.
Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroen sektorean 5.000 bat langilek egiten dute lan, gehien-gehienak emakumeak, eta geroz eta gehiago migratuak. Eskaintzen duten zerbitzua publikoa izan arren, enpresa pribatuek kudeatzen dituzte egoitzak. Langileen %70 inguruk irabazi asmoko enpresetan lan egiten dute, bai bertoko enpresetan, bai multinazionaletan (Biharko Gipuzkoa, Zaintzen-Clece, Eulen, Domusvi, Sanitas, Caser,...). ELA sindikatuaren arabera (negoziazio-mahaian %60 ordezkaritza du), eredu horrek lan baldintzak eta egoiliarrei ematen zaien arreta baldintzatzen ditu erabat. Defendatu dutenez, enpresen helburua irabaziak gehitzea izanik, langileen egoera prekarizatuz joan da, eskaintzen den zerbitzuak okerrera egin duelarik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du eskumenik egoitza-sektoreko enpresen eta sindikatuen arteko lan-negoziazioan zuzenean esku hartzeko, negoziazio kolektiboaren eremua delako. Hala ere, departamentua bitartekaritza-lanak egiten ari da
Gipuzkoako Gizarte Politiketako Sailak EnpresaBIDEAri adierazitakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du eskumenik egoitza-sektoreko enpresen eta sindikatuen arteko lan-negoziazioan zuzenean esku hartzeko, negoziazio kolektiboaren eremua delako. Hala ere, departamentua bitartekaritza-lanak egiten ari da, elkarrizketa errazteko eta akordio baterantz bideak irekitzeko, betiere alderdien autonomia errespetatuz.
“Grebak erro sakonak ditu. 2025aren hasieran hasi zen tentsioa, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta zegoela salatu genuenean. Orduan, lehen greba-egunak deitu genituen Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetan. Helburua argia zen, lan-baldintza duinak, lanaldi osoak eta soldata-arrakala murriztea. Denborarekin, mobilizazioak areagotzen joan ziren eta sektoreko beste eragile batzuk ere batu ziren protestara, LAB sindikatua, besteak beste”, adierazi du ELA sindikatuko Gizalan Arloko Koordinatzaile Aintzane Orbegozok.
Lanaldien partzialtasuna eta prekarietatea
2025eko apirilean negoziazio-mahaia blokeatuta geratu zen, dpatronalek (Matia, Adegi eta Lares) ez baitzioten sindikatuek eginiko aldarrikapenei erantzun ere egin. Sindikatuak azpimarratu duenez, grebak ez dira puntualak izan, baizik eta denboran luzatutako mobilizazioak, eta horrek gatazkaren sakontasuna erakusten du. Gatazkak gotortzen jarraitu du eta momentuz, urtarrilean enpresek deituta zuten mahai negoziatzailea bertan behera utzi ostean, ez dago, ez proposamenik, ezta negoziaziorik ere. Etorkizun latza hortaz grebaren ondorioak etorkizunean ere jasan beharko dituzten langile partzial eta prekarioentzat.
Sindikatuak azpimarratu duenez, grebak ez dira puntualak izan, baizik eta denboran luzatutako mobilizazioak, eta horrek gatazkaren sakontasuna erakusten du
“Gogoratu behar da adinekoen egoitzetako oheen %90etik gora Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dituela, beraz, zerbitzu publikoa dela. Hori kontuan hartuta, bai batzar nagusietan, baita ere Foru Aldundian behin eta berriz ardura eta ekimen politikoa eskatu dizkiegu, baina ez dago erantzunik”, Orbegozoren hitzetan. Podemosekin egindako aurrekontuen akordioan, zaharren egoitzetako hitzarmena bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Gipuzkoako foru gobernuak. “Guk behin eta berriz eskua luzatu diegu gatazka konpondu eta egindako diagnostikoaren baitan lan baldintzak hobetu, genero arrakala ezabatu eta egoiliarren arreta hobetuko duen akordio bat lortzeko. Beraz, agindutakoa betetzea, eta borondate eta ekimen politikoa eskatzen dizkiogu foru gobernuari”, gehitu du Orbegozok.
Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren ikuspuntua
Gipuzkoako Gizarte Politiketako Sailak, ordea, beste ikuspuntu bat du. “Aldundiak, bere gainbegiratze, kontrol eta ikuskapen-eskumenak baliatuz, gutxieneko zerbitzuak indartzea eskatu zuen 2025eko azaroaren 17an". Horren ondorioz, abenduaren 18ko agindu berriak gutxieneko zerbitzuak handitu zituen. Departamentuko iturriek adierazi dutenez, honakoa bermatu da. Gerokultoreak: %80tik gora, eta %10 gehiago otordu-orduetan; gauean %100 mantendu da. Osasun-langileak: %50ean finkatu dira. Sukaldea: %60ra igo da. Garbiketa: %40ra igo da. Ikuztegia: %40ra igo da. "Neurri horiekin eta ikuskaritza-jarduera proaktiboarekin, egoiliarrek greba-egoeran ere zaintza duinak eta seguruak jasotzen dituztela bermatu da”, azpimarratu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundia: “Aldundiak, bere gainbegiratze, kontrol eta ikuskapen-eskumenak baliatuz, gutxieneko zerbitzuak indartzea eskatu zuen 2025eko azaroaren 17an"
Bide horretan, gehitu dute iturri berberek, 2025eko abenduaren 23ko Diputatuen Kontseiluaren erabakiaren bidez, modulu ekonomiko berriak onartu dituzte, %3,7ko igoerarekin egoitza eta eguneko zentroen sare osoan. “Kontuan izanda langile-gastua dela kostu nagusia, igoera horrek eragin zuzena du soldaten igoeran. Gainera, 2026ko aurrekontuan 10 milioi euroko zuzkidura espezifikoa aurreikusi da, sektoreko hitzarmen kolektiboa bultzatzeko eta lanpostuen egonkortzea eta ratioen hobekuntza sustatzeko”, kontatu dute.
Sindikatuen arabera, aldiz, azken urteetan kontratazioan eman den bilakaera ikusita, egun langileen ia erdiak kontratu partzialak dituzte. Horrek langileak are eta zaurgarriago egiten ditu, soldata baxuagoez gain, kontratua osatzeko beharra sortzen baitie, eta horrek erabateko eta berehalako prestutasuna eskaintzea ekartzen du. Bestalde, lan bera egiten duten langile publikoekiko urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala pairatzen dute. “Lan baldintza prekario eta soldata arrakalak genero irakurketa argia du. Mondragon taldearen kasuan ere, adibidez, kudeatzen dituen egoitzetako langileen lan baldintzetan ez dago alderik aipatutako partzialtasun altua eta soldata arrakalari dagokionez; irabazi asmoko enpresen jarraibideak betetzen ditu”, Orbegozoren hitzetan. Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuarekin uda aurretik bildu ziren sindikatuak azkenengo aldiz. “ELAtik sektoreari buruz egiten dugun diagnostikoa gatazka hasi aurretik dakite. Kezka adierazi izan digute, baina ekintza positiborik ez dago. Eurek bultzatzen duten eredua oinarritzen da langileen lan baldintza eta egoiliarren arreta prekario batean”, zehaztu du Orbegozok.
Sindikatuen arabera, aldiz, azken urteetan kontratazioan eman den bilakaera ikusita, egun langileen ia erdiak kontratu partzialak dituzte. Horrek langileak are eta zaurgarriago egiten ditu, soldata baxuagoaz gain, kontratua osatzeko beharra sortzen die
Arestian aipatu bezala, Aldundia enpresekin eta sindikatuekin biltzen ari da zubi-lana egiteko. Bilera-sorta bat abiatu dute ordezkaritza sindikalarekin eta patronalarekin, alde batetik langileen eskaerak zuzenean ezagutzeko eta bestetik enpresekin lanketa egiteko, akordio baterantz aurrera egiteko. 2026ko aurrekontuan jasotako 10 milioi euroko funtsa mahai gainean jarri dute proposamen zehatzak adostu ahal izateko. “Helburua da sektoreko lan-hitzarmen bat lortzea, lanpostuak egonkortzea eta ratioak hobetzea, betiere zaintza-sistemaren kalitatea eta ekitatea indartuz”, Saileko arduradunen esanetan.