• EKONOMIA
  • Zalduondon eguzki parkea eraikitzea baimendu du Jaurlaritzak

Zalduondon eguzki parkea eraikitzea baimendu du Jaurlaritzak

Proiektuak 5.480 panel fotovoltaiko izango ditu eta neurri zuzentzaileak bete beharko ditu fauna, lurzorua eta landa ingurunea babesteko

Parke fotovoltaiko bat | Argazkia: iStock
Parke fotovoltaiko bat | Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 15a - 13:11

Baimena eman du Eusko Jaurlaritzak Arabako Zalduondo udalerrian eguzki-energia fotovoltaikoko instalazio bat eraikitzeko. Perfect Business Location enpresa arduratuko da proiektuaz, zeinari Katarri izena ezarri zaion, eta guztira 2,5 megawatteko potentzia izango du, 5.480 eguzki moduluren bitartez.

 

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ostegun honetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu duen ebazpenaren arabera, proiektua Jaurlaritzak berak joan den abuztuan ezarritako neurri babesgarri eta zuzentzaileetara egokitu beharko da. Baldintza horiei esker, ekimenari ez zitzaion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar izan.

2025eko abuztuan jasotako ingurumen-inpaktuaren aldeko txosten horren ondoren, administrazioen eta pertsona interesatuen alegazioak jasotzeko epea ireki zen, eta izapidetze prozesu osoan zehar 277 alegazio bildu ziren. Horietan, besteak beste, kutsadura-arriskuari, paisaian eta ondarean izan zitzakeen ondorioei eta tokian eragin ekonomikorik ez izateari buruzko kezkak azaldu ziren. Administrazioak, aldiz, alegazio guztiak baztertu zituen.

 

Hala ere, Jaurlaritzak jakinarazi du proiektuari eskatuko zaiola ugalketa-garaian, apirila eta uztaila bitartean, inguruan dagoen hegazti-faunari buruzko azterlan espezifikoa egitea, arreta berezia eskainita mirotz grisari eta mirotz zuriari. Horrez gain, zuzenketak egin beharko dira natur ondarearen gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin, hala nola, linea elektrikoa lurperatzea, lehendik dauden bide bazterrak jarraituta.

Urak, nekazaritza-lurrak, kultura-ondarea eta landa-ingurunea babesteko neurriak jasotzen ditu baimenak, baita hondakinen kudeaketaren arloko betebeharrak ere. Ebazpena argitaratzen denetik, enpresak gehienez hiru urteko epea du eraikitzeko behin betiko administrazio-baimena eskatzeko.